Areto futbola

Xotaren ametsak jarrai dezala

Guaixe 2024ko urr. 24a, 10:15

Osasuna Magna Xota eta Osasuna Futsal F., elkarrekin. IRATI AIZPURUA

Xotak bere bi talde nagusiak aurkeztu ditu: gizonezkoen lehen mailako Osasuna Magna Xota, eta emakumezkoen Bigarren Mailako Osasuna Futsal F. Bi taldeak ilusioz gainezka daude

Xotak Anaitasuna klubeko egoitzan aurkeztu zituen 2024/2025 denboraldiko talde nagusiak. Gizonezkoen lehen mailako Osasuna Magna Xotari emakumezkoen bigarren mailako Osasuna Futsal F. Taldea gehitu zaio, Osasunarekin akordiora iritsi eta gero. Bi taldeen fusioa albiste ona izan da bi aldeendako, eta bi taldeak “oso ilusionatuta” azaldu ziren. 

Ekitaldian Nafarroako Gobernuko Kirol kontseilari Rebeca Esnaola, Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaile Jorge Agirre, Iruñeko Udako Garbiñe Bueno, Irurtzungo alkate Unai Razkin, Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafa del Amo, Osasunako presidenteorde Cesar Munian eta Xotako babesleak bildu ziren. Xotako presidente Tatono Arregik hitz onak izan zituen guztiendako. “Eskerrik asko zuen babesa eta konplizitatearengatik, zuengan konfiantza itsua dugu. Ametsak jarrai dezala” azaldu zuen. Garai “oso konplexuak” direla nabarmendu zuen, eta “kirolak balioen transmisioa” izan behar duela. Halaber, ongi etorri beroa egin zion emakumezkoen Osasuna Futsal F taldeari: “ongi etorri zeuen etxera”. 

Xotako Miguel Hernandez entrenatzaileak aurtengoa “ilusio eta anbizio urtea” izango dela aurreratu zuen. “Munduko ligarik onenean jarraitzeko ahal dugun guztia egingo dugu”. 

Hamalau jokalari, lau irurtzundar
Miguel Hernandez Brugera entrenatzaileak hamalau jokalari ditu bere aginduetara. “Kalitate handiko taldea da, eta jende gaztea” nabarmendu zuen. Tartean lau irurtzundar daude: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil kapitaina, atzelaria, Dani Saldise hegaleko jokalaria, eta Ion Cerviño hegal-atzelaria. Haiekin batera hamar jokalarik osatzen dute Osasuna Magna Xota: Palazon, Geraghty, Juninho, Tony, Kokoro, Pachu, Ligeiro, Korsun, Panta eta Mendive. Joan zen urtean talde nagusian debutatu zuen Oier Aguirrek Anaitasunan jarraituko du, harrobian. 

Larunbatean Manzanaresen kontra jokatuko dute, Ciudad Realen. 

Osasuna Futsal
Emakumezkoen bigarren mailan jokatzen duen Osasuna Futsalek hamabost jokalari ditu: Zaira Etxeberria, Marisa Fernandez, Irati Oneka, Cristina Bariain, Alexia de los Santos, Ana Bidondo, Alazne Garces, Saioa Etxeto, Maider Oses, Maialen Arana, Amaia Martinez, Carmen Otxoa eta Anastasiya Lushchyk “Nass”. Ivan Marco da entrenatzailea, eta egun sailkapenean hamabigarren da (4 puntu).