Lehen mailako ligako hirugarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Manzanares izan zuen aurkari Ciudad Realen. Xotak ez zuen punturik ekarri, eta beti atzetik joan zen partidan. Partida hasi eta berehala, Palazonen akats baten ondorioz, Manzanares aurreratu zen. Roberto Martilek bana berdintzea lortu zuen, baina ospakizunak bukatu ez zirenean Nefik Manzanares 2-1 aurreratu zuen. Eta hau guztia, soilik 7 minutu bete zirenean.
Xota aukera gehiago sortzen hasi zen, eta Palazon ere fin ibili zen atean. Horrela, Toni Escribanok bina berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Tamalez, eta lehen zatian gertatu bezala, baloiaren ateratzerakoan akatsa izan zuen talde irurtzundarrak, eta 3-2 aurreratu zen Manzanares. Egoera aldapa gora jarri zitzaion Xotari, bi gol segidan sartu baitzituen Manzanaresek, 5-2 aurreratuz. Hala ere, Osasuna Magna Xotak ez du inoiz amore ematen, eta partidari buelta ematen saiatu ziren Miguel Hernandezen mutilak. Korsunek bere lehenengo gola sartu zuen talde berdearekin, eta Pachuk 5-4 gerturatu zuen Xota, jaurtiketa bikain bati esker. Bukaerara arte saiatu ziren nafarrak, baina ezinezkoa izan zen, eta 5-4 galduta itzuli ziren etxera.
“Zentratuago” egoteko eskaera
Miguel Hernandez entrenatzaileak egindako defentsa akatsetan jarri zuen arreta, taldearen akatsei egotzi zien galdu izanaren errua. “40 minututan zentratuago egon beharra dugu, lehiakortasun berberarekin” nabarmendu zuen, “deskonexio uneak daudelako eta horrek kontrako golak jasotzea sortzen duelako”.
Lehen mailako liderra Movistar Inter da (9 puntu). Osasuna Magna Xota zortzigarren postuan dago (3 puntu). Azaroaren 1ean, ostiralarekin, Osasuna Magna Xotak sailkapenean hamahirugarren den Noia Portus Apostoli taldea hartuko du Anaitasunan, 19:30ean. Azkeneko bi porrotak atzean utzi nahi ditu talde irurtzundarrak.