Aurten nobedadeak daude Xota klubean. Urriaren 23an 2024/2025eko gizonezkoen lehen mailako Osasuna Magna Xota taldea eta emakumezkoen bigarren mailako Osasuna Futsal F. taldea aurkeztu zituzten Anaitasunan. Osasuna Futsal Xotaren egituran barneratu edo fusionatu da, eta ilusio handiz egin zen, lehendabizikoz, bi taldeen aurkezpena. Tatono Arregi Xotako presidenteak egin zien harrera ekitaldira hurbildu ziren Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariei, Nafarroako Futbol Federazioko presidenteari, eta baita Irurtzungo alkate eta babesleei ere. Guztion "babesa eta konplizitatea" eskertu zuen, eta "ametsak jarraitzen duela" nabarmendu zuen, Osasuna Futsal F. taldeari "ongi etorriak zuen etxera" egin zien harrera.
Ilusioa
Giro alaia dago klub irurtzundarrean. Ilusioa airean dago. Lehen mailako hiru jardunaldi jokatu dira, eta nahiz eta etxean jokatutako lehenean Cordobari irabazi eta Peñiscolan eta Manzanaresen jokatutako azken biak galdu, zoriontasuna arnasten da klubean. Nolabaiteko loraldian daudela dirudi. "Aurretik jende gaztea genuen, baina aurten talde gazteagoa dugu. Eta hori nabaritzen da. Aurredenboraldi ona egin genuen, lehen partida irabazi genuen, bigarrena eta hirugarrena galdu, eta azkena irabazi. Nahiko ongi ikusten dugu gure burua, eta jendea alai dago. Egia esanda, giro ona dago" azaldu du Roberto Martil Xotako kapitainak.
Lau irurtzundar
Osasuna Magna Xotak hamalau jokalari izango ditu aurten, Miguel Hernandez entrenatzailearen esanetara. Joan zen urteko oinarria mantentzen da, eta aurpegi berriak daude. Bestalde, taldean lau irurtzundar daude: Asier Llamas atezaina, Dani Saldise, Roberto Martil kapitaina eta Ion Cerviño, iaz El Ejidon utzita jokatu ondoren taldera itzuli den gaztea. "Oinarriak jarraitzen du, baina aldaketa handia izan dugu. Iaz oso garrantzitsuak ziren Linhares eta Fabinho jokalariak, aurrean oso onak zirenak, aurten ez daude. Ligeiro etorri da, Brasilen oso ongi jokatzen zuen gaztea, eta gurera ongi moldatuko den jokalaria, Barça B-ko Kokoro japoniarra, trebetasun asko dituen jokalaria eta utzita etorri dena, Panta argentinarra, Korsun ukrainarra... guztion artean euren lana bete beharko dugu. Etxeko jokalariak ahaztu gabe, Xotarendako etxekoak beti oso garrantzitsuak baitira. Asier eta Dani badakigu zein garrantzitsuak diren taldearendako, eta Ion Cerviño oso ongi hasi da, taldean lekua egiten ari da. Eta nire laguntzarekin... guztiak batzen du" argi du kapitainak.
Roberto Martil: "Garrantzitsuena eta helburu nagusia lehen mailari eustea da, munduko liga onenean jarraitzea"
Miguel Hernandezek aurkezpenean esan zuen aurtengo Xota" kalitate handiko taldea dela, talde gaztea", eta iritzi berekoa da kapitaina. "Gazteak gorabeheratsuak dira, baina noraino heltzen diren ikusi behar dugu. Oso onak dira". Lau jardunalditan 6 puntu lortu dituzte, eta garaipenaren bidean segi nahi dute. "Gure modukoak diren taldeen kontrako partidak ditugu orain, eta badakigu orain dela puntuak ateratzeko unea, aurrerago talde ahaltsuak etorriko direlako, ligako kokoak, El Pozo, Barcelona, Jaen eta halakoak, eta partida zailagoak izaten direlako. Gora begiratzea nahiago dugu behera begiratzea baino".
Anaitasunako zaleen babesa ezinbestekoa da talde berdearendako. "Badakigu nola diren etxeko partidak. Gure jendearekin errazagoa da jokatzea. Pixka bat gaizki gaudenean asko laguntzen dute, eta gauzak ongi doazenean ere berdin. Etxetik kanpo zailagoa izaten da, hori argi dugu".
Familia txiki bat
Harreman handia dute Osasuna Magna Xotako jokalariek, hori ere agerikoa da. "Hala da, ongi eramaten gara. Elkarrekin bazkaltzera edo afaltzera ateratzen gara. Gazteak gehiago, baina ni ere saiatzen naiz eurekin joaten. Horrela ere taldea egiten delako. Xotan betidanik bilatu eta baloratu dugu gure taldera etortzen direnak gazteak eta pertsona onak izatea. Fitxaketak egiten dugunean jokalaria pertsona gisa nolakoa den ere galdetzen dugu, Xotaren ADN-a izango ote duen. Hori oso garrantzitsua da guretako. Guk agian ezin ditugu izarrak fitxatu, baina saiatzen gara harreman handia izate, eta, ondorioz, taldea oso sendoa izaten". Izan ere, familia txiki bat osatzen dute Xotako jokalariek. "Hori da ideia, taldea familia bat bezalakoa izatea, gauza onak bizitzea, gauza txarrak etortzen direnean indartsu egoteko, guztiak batera, guztiak norabide berdinean. Gero hori pistan ikusten da, jokatzerakoan anaiak garela, beti aurrera begiratzen, asko mugitzen... hori da gure ideia. Jende gaztea, pertsona onak eta pistan, jokatzerako orduan, alaiak".
Iaz Oier Aguirre iturmendiarrak debutatu zuen Xotako talde nagusian, baina aurten Anaitasuna harrobi taldean jarraitzen du. "Aurten talde nagusian egotea zailagoa izango da berarendako. Iaz hamahiru jokalari ginen talde nagusian, baina nik lehenengo itzuli osoan ez nuen jokatu, lesioarengatik. Gainera, Ion Cerviño El Ejidora joan zen, utzita, eta bertan zegoen ere Josu Mendive. Aurten biak itzuli dira taldera. Guztira hamalau jokalari gara eta praktikan zailagoa izango da berak lehen mailako taldean tokia izatea, baina Anaitasunan ari da, ongi ari dira. Xotan oso pozik gaude Oier Aguirrerekin eta baita emakumezkoen lehen senior mailako Xotan jokatzen duen Ekhiñe bere arrebarekin ere. Biak jokalari apartak dira" nabarmendu du Xotako kapitainak, aldi berean emakumezkoen lehen senior mailako entrenatzailea denak.
28. aldiz lehen mailakoa izatea
Osasuna Magna Xotaren helburu nagusia lehen mailako kategoriari eustea da. "Hori da garrantzitsuena. Talde oso onak daude lehen mailan, eta ez da erraza. Tartean bestelako helburuak lortzen badira, esaterako, joan zen urtean bezala, Kopa jokatzeko saria, edo agian Errege Kopan urruti iristea, ba hobeki, baina lehelburua lehen mailan jarraitzea da". Irurtzungo taldea aurten lehen mailan bere 27. denboraldia jokatzen ari da jarraian, eta 2025/2026 denboraldian ere "munduko liga onenean jarraitzea" da asmoa.
Osasuna Futsalekin, pozik
Xota "oso pozik" dago bere egituran emakumezkoen Osasuna Futsal F. taldea hartu eta gero. "Udan egin genuen prozesua. Laguntza behar zuten, eta nahiz eta zaila izan, Tatono Arregirekin argi genuen fusio hori egin beharra genuela, gure klubean betidanik izan ditugulako emakumezkoen taldeak. Zailtasun handiak zituzten: bidaiak, jokalariak bilatzeko zailtasunak... aurrekontua ongi egitea eta borobiltzea zaila zen, baina hor gaude. Bigarren mailan daude borrokan, eta pozik gaude. Guretako ere oso ona da euren etorrera; astelehenetan Irurtzunen entrenatzen dute, eta gure gazteak, lehen senior mailakoak, beraiekin entrenatzen dute. Entrenamendu onak ari dira egiten, eta gazteek ere beste ilusio bat dute. Bigarren mailan jokatzea maila handia da, eta guretako ona da".
Bigarren mailako emakumezkoen taldea izateak kluba aberasten du. Lehen emakumezkoen hiru talde zeuzkan Xotak, eta orain talde nagusia batu zaio. "Aurten etorri dira, baina guretako jada Xotako beste talde bat dira". Roberto Martil seniorren eta bigarren mailako taldeen arteko lotura da. "Orain bi talde ditut, baina gustura egiten den lana da. Ivan Marco entrenatzailea oso ongi ari da. Ekhiñe Aguirre, Nahia Moran, Naia Lizarraga, Naiara Lamarka... eurekin ari dira entrenatzen, eta hobetzen ari direla agerikoa da". Harrobiak, bada, badu non jarraitu.