Areto futbola

Xotak garaipenaren xenda berreskuratu du

Guaixe 2024ko aza. 4a, 10:00

Osasuna Magna Xotak zaleen babesa izan zuen. XOTA

Azaroaren 1ean Noia Portus Apostoliren kontra denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen

Osasuna Magna Xota etxean menderaezina sentitu zen, eta kanpoan jokatutako azken bi partida galdu eta gero, garaipenaren xendara itzuli zen Noia Portus Apostoliri 2-1 irabazita.

Partida zendutako balentziarren aldeko minutu bateko isilunearekin hasi zen. Lehen zatian bi taldeak parez pare ibili ziren, baina Asier Llamas atezainak berdeen atea sendo defendatu zuen, eta talde irurtzundarra finago ibili zen. Pachuk 10. minutuan Xotaren lehen gola sartu zuen. Eta 4 minutu beranduago Ion Cerviñok egindako alboko sake bat Roberto Martilek buruz erantzun zuen, eta bigarren gola sartu zuen Xotak. Baina Noiak ez zuen behera egin eta atsedenaldia baino lehen 2-1 gerturatu zen. 

Bigarren zatian berdinketa lortzen saiatu zen Noia, eta garaipena sendotzen, aldiz, Osasuna Magna Xota. Berdeek makina bat aukera izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Azken minutuetan atezain-jokalariarekin jokatu zuen Noiak, baina Xotak ongi eutsi egin zuen, eta 3 puntuak etxean geratu ziren. 

Miguel Hernandezek azaldu zuenez, “bukaerara arte borrokatu dugu eta partida irabaztea lortu dugu. Sufrituz irabazi dugu, eta banago denboraldiko partida askotan hala izango dela, liga oso estu dagoelako”.

Santa Coloma, hurrengo aurkaria
Movistar Inter da lehen mailako liderra (12 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren postura igo da (6 puntu). Bosgarren jardunaldian talde berdeak Katalunian jokatuko du, sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Industrias Santa Colomaren kontra (7 puntu). Partida azaroaren 10ean jokatuko da, 12:30ean.