Musika ikasleak eskola berrituan ari dira

Guaixe 2024ko aza. 12a, 09:00

Musika eskolan autokontsumorako eguzki plakak jarri dituzte. udala

Eraikina guztiz birgaitu du udalak: isolatu egin du, irisgarritasun neurriak hartu dituzte eta energia kontsumoa murrizteko plakak jarri dituzte. Bestalde, hitzarmen bati esker, Itzako haur eskolara umeak eramaten dituzten familiak laguntzen ditu udalak

Irurtzungo musika eskolako ikasleek aurreko ikasturtean ikastetxea utzi eta aldameneko kultur etxera joan behar izan zuten musika ikastera. Otsailean izan zen hori eta ikasturtea han despeditu zuten. Horren arrazoia musika eskolako eraikinaren berritze lanak izan ziren. Lanak udan despeditu direnez, atzera ere, musika eskolan ari dira 131 ikasleak eta 11 irakasleak.

Udalak honako lanak egin ditu eraikinean: teilatua berritu, fatxadetan inguratzaile termikoa jarri, azpiegitura elektrikoa berritu eta autokontsumorako eguzki plakak jarri dituzte teilatu berrituan. Han sortzen den elektrizitatea autokontsumorako da; musika eskolan bertan, Larrazpi gazte elkartean eta kultur etxean kontsumitzen da. Horrekin batera, musika eskola irisgarriagoa da igogailu berria baitu, eta komun irisgarriak egin eta haien eta geletako sarbideak aldatu baitira. Lanek 323.832,80 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan dute. Diru horretatik udalak 71.727,36 euro jarri ditu. Gainontzekoa, Europako Funtsetik jasotako 252.105,44 euroko dirulaguntzarekin ordaindu du.

Irurtzungo Udalak musika eskolaren martxarako 195.000 euro inguru bideratzen ditu. Herriko ikasleez aparte, Irurtzungo musika eskolak Itza, Imotz, Ollo, Goñi eta Arakilgo ikasleak ere hartzen ditu. Udal guztiek lankidetza hitzarmena dute sinatuta eta horren bidez aurrekontuaren %49 osatzen dute. Ikasleen matrikulekin aurrekontuaren %32 estaltzen da eta Nafarroako Gobernuak %19ko dirulaguntza ematen du horretarako. 

Haur eskola
Irurtzungo Udalak ez du haur eskolarik, baina herrian badira 0 eta 3 urte arteko umeak. Lana eta familia bizitza bateragarri egin behar dutenek haur eskola zerbitzua eskatzen dute. Horregatik, Irurtzungo Udalak zerbitzua zuzenean eskaintzen ez duen bitartean, Itzako Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatuta du, ume irurtzundarrak aukera izan dezaten Zuastin dagoen Sarburu haur eskolara joateko. Hitzarmen horri esker, Irurtzungo familiek ez dute ezer ordaindu beharko, udalak beregain hartu baititu zerbitzuaren kostua; ikasturte honetan 18.000 euro inguru izanen dira.

Bi udalek joan den legegintzaldian sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Bi toki erakundeen arteko akordioa lortu aurretik, Sarburu haur eskola erabiltzen zuten familiek zuzenean jasotzen zuten Irurtzungo Udalaren dirulaguntza. Hitzarmeneko baldintzak betetzen dituzten ume irurtzundarrak hamaika dira ikasturte honetan. 

Gaztetxokoa
12 eta 15 urte arteko gazteei zuzendutako zerbitzuak ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara zabalik egonen da. Ateak ikasturte honetan estreinakoz azaroaren 8an zabaldu zituen, maiatzera arte. Gaztetxoak laguntzeaz eta gidatzeaz bi hezitzaile arduratzen dira. Gainera, beharrak eta motibazioak kontuan hartuta ekintzak dinamizatzen dituzte. Zerbitzuak 16.000 euro inguruko aurrekontua du; %65 udalak jartzen du, %25 gobernuak eta %10 erabiltzaileek.