Astekaria

"Asko gustatzen zait musean ibiltzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 12a, 13:30

Ane Beraza Vilches eta Alex Teruel. Bere ohiko bikotekideak joan behar izan zuen eta Teruelekin irabazi zuen. UTZITAKOA

Irurtzungo udazkeneko festetako klasiko bat da Iratxo elkartean jokatzen den mus txapelketa. Beti azaroaren 11n, San Martin eguneko arratsaldean jokatzen da. Joan den urteko txapeldunetako bat da Ane Beraza Vilches

1. Iratxoko sanmartinetako mus txapelketan parte hartuko duzu?
Ezin izanen dut, astelehenean jokatuko da txapelketa eta nik lanera joan behar dut. Baina gustatuko litzaidake parte hartzea. Txapela ezin defendatu geldituko naiz. Hurrengo urtean izan beharko du. 

2. Nolako txapelketa da?
Oso giro oneko txapelketa da. Azken finean, adin guztietako jendearekin elkartzen zara herrian. Bazkideez aparte, jendeak parte hartu dezake. Batzuetan aldameneko herrietakoak ere etortzen dira. Batez ere jende heldua egoten da, jende gaztea handik dabil ere. Gazteen artean bada muserako zaletasuna. Oso gustura jokatzen dugu pote batzuk hartzen ditugun bitartean. Izen ematea egunean bertan egin behar da, 16:00etan. 

3. Zenbat erregetara jokatzen da?
Lau erregetara jokatzen dugu. Nik beti horrela jolastu dut. 

4. Beste txapelketaren batean parte hartzen duzu?
Egunaren arabera. Urtainen-edo antolatzen bada, batzuetan jolasten dugu, baina normalean ez dugu irabazten. Horregatik, joan zen urtekoa handia izan zen. Nik uste zorte ona izan genuela. Jakina, hori ere behar da. Bestela, urtean zehar, askotan lagun batzuk elkartu eta musean aritzen gara. Txapelketan irabazitako urdaiazpikoa etxekoen artean jan genuen. 

5. Muslaria noiztik?
Txikitatik naiz muslaria. Familian jolasten genuen eta hori mantendu izan dut familiarekin, lagunekin edo beste jendearekin ere. Asko gustatzen zait musean ibiltzea, brometan aritzea, gezurretan, kartarik ez duzunean ziria sartzea... Batzuetan serio ez hartzeak besteak pixka bat haserrarazten ditu eta, orduan, barre gehiago egiten dugu. 

6. Jolasteko bikotea nola aukeratzen da?
Ni beti lagun batekin jokatzen dut normalean. Berak ezin badu, zer edo zer gertatzen bada, lagunen artean edo familian galdetzen dut. Badago jokatzeko prest dagoenik. 

7. Bikotean zer nolako harremana behar da?
Ez dakit, gu desastre samar gara. Elkar ezagututa, askoz hobe. Horrela besteak badaki noiz esaten duzun gezurra, nola jolasten duzun ezagutzen du. Guk, normalean, ez ditugu keinuak erabiltzen. Eta besteen keinuak ez ditugu asko harrapatzen, halakoei ez diegu gehiegi erreparatzen. 

8. Karta txarrekin zerbait egin daiteke?
Musa eman edo gezurretan aritzea. Nik, askotan, gezurretan aritzea nahiago dut. 

9. 31 eskutik. Karta onekin gaizki joka daiteke?
Bai, esaterako, 31 eskutik izan, musa eman eta zorte txarra izatea. Eskua dudanean, askotan, 31rekin musa ematen dut eta, batzuetan, gaizki ateratzen da. 

10. Muslari ona izateko zer behar da?
Zorte ona eta gezurretan ibiltzen jakitea. Aurkaria den bikotea ezagutuz gero badakizu gezur asko edo gutxi esaten dituzten. Beti izan dezakete zorte ona gezurretan asko ibiltzen badira. 

11. Amestutako jokaldia?
Egia esan, ez. Karta asko ikusten dut normalean, beraz, jokaldi gehienak jada egin ditut.