Azaroaren 10ean Katalunian jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, Industrias Santa Coloma taldearen kontra. Partida hasi eta berehala, ia konturatu gabe, Santa Coloma 1-0 aurreratu zen Xotaren defentsa akats bat probestuta, eta 4 minutu geroago 2-0 aurreratu ziren kataluniarrak. Talde irurtzundarra gol aukerak sortzen hasi zen, baina ez zuen Industrias Santa Colomako atea gainditu.
Bigarren zatian lehia biziak jarraitu zuen. Bi taldeek modu bertikalean jokatu zuten, euren jokatzeko moduari jarraiki. Tiki-taka horretan Santa Coloma izan zen kontrako atean asmatu zuena, eta kataluniarrak 3-0 aurreratu ziren. Kolpe latza izan zen talde nafarrarendako, baina berdeek ez zuten etsi. Atezain-jokalari formularen aldeko hautua egin zuen Miguel Hernandezek, eta orduan iritsi zen Dani Saldiseren gola. Ion Cerviñok eta Ligeirok ere bere aukerak izan zituzten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3-1 galduta itzuli zen Xota Irurtzunera.
Kontzentratuta hasteko beharra
“Aurreko astean etxean irabaztetik gentozen, ilusio handiarekin, eta, horregatik, kolpe handia izan da Santa Colomakoa. Atzera ere, ez dugu partida ongi hasi, eta hortik aurrera maldan gora jarri zaigu partida. Egia da taldeak ez dituela besoak jaisten, baina azpitik hastea beti handicapa da” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Horregatik, “partidak kontzentratuta” hasteko beharra nabarmendu zuen. “Ikasi beharra dugu”.
Lehen mailako bost jardunaldi jokatuta, Movistar Inter da liderra (15 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamargarren da (6 puntu). Azaroaren 15ean, ostirala, Xotak sailkapenean hirugarren den Jimbee Cartagena Costa Calida taldea hartuko du Anaitasunan, 21:00etan.