Gobernuak eta ibarreko ordezkariek industriaren egoera aztergai izan dute

Guaixe 2024ko aza. 13a, 12:00

Sakanako ordezkariak Nafarroako Gobernuko eta enpresa publikoetako kideekin bilera egin zuten. UTZITAKOA

Industria indartzeko plan eta estrategiak elkarrekin landu dituzte.

Sakanako sozioekonomiako ordezkariak Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariarekin bilera izan dute aste honetan. Irurtzungo Dinabide eraikinean egin zen bileraren helburua izan zen "Sakanak dituen erronkei irtenbideak aurkitzea", azaldu dute Nafarroako Gobernutik. Bilkurako gai nagusiak izan ziren: ekonomia indartzea, lurzoru industrialaren eskuragarritasuna, merkataritza, finantzaketa palankak, ekintzailetza eta inbertsioak erakartzea.

Irujok azaldu zuenez, "topaketa horrekin Nafarroako Gobernuak Sakanako garapen ekonomikoa bultzatzeko konpromisoa berresten du. Tokiko eragileekin batera lan egiteko eta, horrela, inguruan ditugun erronkei irtenbideak aurkitzeko apustu garbia". Gobernutik aipatu dutenez, "Sakanak egonkortasun nabarmena izan du. Nafarroako Enpresen Direktorioan eta Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuetan jasota dagoenez, 2019an 1.328 enpresa zeuden, eta 2023an, 1.347. Bestalde, 2019an 3.698 langile izan ziren, eta 2023an, 4.681; %26ko igoera".

Asistentzia
Bileran Industria departamentuari atxikitako sozietate publikoetako ordezkariak bildu ziren: Carlos Chocarro, Nasuvinsako Lurzoru Industrialeko zuzendariordea; Iñaki Larraia, Sodenako zuzendari kudeatzailea; Guillermo Alonso, Sodenako Invest in Navarrako zuzendaria eta Uxue Itoiz, CEINeko zuzendari kudeatzaile izendatu berria. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Irujo kontseilariaz aparte, Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendaria, Garbiñe Basterra Enpresa I+G+b Energiaren Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria, Pablo Ezkurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Adrian Seminario Industriako kabineteko burua eta Amaiur Guindeo Industria Kabineteko idazkaria izan dira. 

Sakanako ordezkariak honakoak izan ziren: Javier Ollo, Altsasuko alkate eta Nafarroako parlamentaria; Iker Manterola, Garapen Agentziako gerentea; Jose Julian Garziandia, Sakanako Enpresen Elkarteko presidentea; Javier Aretxe, Sakanako Enpresen Elkarteko gerentea; Joseba Garmendia, Sakanako Enpresen Elkarteko administrazio kontseiluko aholkularia eta Aitor Larraza, Sakanako Mankomunitateko presidentea.