Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagena talde indartsua hartu zuen Anaitasunan. Miguel Hernandezen taldeak ongi jokatu zuen, eta ongi hasi zuen partida, 16. segundoan Dani Saldisek Korsuni pase ederra egin eta hark Chemi erregateatu eta gola sartu baitzuen. 1-0.
Hortik aurrera erasora pasa zen Jimbee Cartagena. Xotako atezain Asier Llamas izan zen protagonista, geldialdi bikainak egin zituelako. Xota ere erasoan aritu zen. Bigarren zatia hasi eta berehala bana berdindu zuen Jimbee Cartagenak. Xotak ongi defendatzen jarraitu zuen, eta kontraerasoekin saiatu zen. Tonik aukera paregabeak izan zituen, baina baloia ez zen sartu. Bi taldeek gol aukerak sortu zituzten, eta eromen horretan eta galdutako baloi bat probestuz, bigarrena sartu zuen Cartagenak.
Anaitasunako zaleen animoa lagun, Xotak ez zuen behera egin eta lanean jarraitu zuen. Jimbee Cartagenak bosgarren falta egin zuen, penalti bikoitza, eta horri esker Ligeirok bina berdintzea lortu zuen. Minutu bat geratzen zen partida bukatzeko eta Dani Saldise garaipena lortzear egon zen, baina baloiak zurtoina jo zuen. Binako berdinketak, nolanahi ere, garaipen zaporea izan zuen eta Xotak pozik bukatu zuen lehia, puntu baliotsua lortuta.
“Puntu garrantzitsua da, konfiantza ematen duten horietakoa. Etxean beti plusa ematen du taldeak, eta plus hori kanpoan eman beharra dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandezek.
Burela aurkari
Sei jardunaldi jokatuta, lehen mailako liderra Movistar Inter da (18 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (7 puntu). Azaroaren 19an, asteartea, zazpigarren jardunaldia jokatuko da. Pescados Ruben Burelaren kontra jokatuko du talde irurtzundarrak, 21:30ean, Galizian.