Lehen mailako areto futboleko ligako zortzigarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak garaipen garrantzitsua lortu zuen, Anaitasunan Wanapix AD Sala 10 taldea 5-2 mendean hartu eta gero. Xotaren indargune handienetarikoa etxean jokatzea dela argi geratu zen beste behin, baina kanpoan jokatzen dutenean indar eta gar hori ere izan behar dutela agerikoa da.
Wanapix AD Sala 10 Aragoiko taldea aurreratu zen markagailuan partida hasi eta 2 minututara. Miguel Hernandezen taldea lanean hasi zen, gol aukerak sortu eta partida berdintzeko. Ligeirok urrezko aukera izan zuen, baina Wanapixeko atezainak geldialdi bikaina izan zuen, eta Asier Llamas irurtzundarrak Wanapixen bigarrena litzatekeena ekiditea lortu zuen. Ion Cerviñok aukera polita izan zuen, baina Pachu izan zen bana berdintzea lortu zuena, Ion Cerviñoren alboko sakea primeran probestuz. Bi taldeek aukera gehiago izan zituzten, tartean zurtoinean joan zen Dani Saldiseren jaurtiketa, baina banako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Pachuk bigarren gola sartu eta 2-1 jarri zen aurretik Xota. Horrela, Wanapix Zaragozak gehiago arriskatu behar izan zuen, atezain-jokalaria figurarekin jokatuz. Baina zoramen horretan Ion Cerviño irurtzundarrak Xotaren hirugarren gola sartu zuen, eta segidan laugarrena. Wanapixek beste gol batekin erantzun zuen, 4-2, baina Ion Cerviñok bosgarrena sartzeko aukera izan zuen, ederki aprobetxatu zuena, eta 5-2 irabazita despeditu zen partida.
Miguel Hernandez entrenatzaileak nabarmendu zuen taldeak “konfiantzarekin” jokatu zuela. “Ea orain etxetik kanpo berdin aritzen garen”. Ion Cerviño irurtzundarrak hiru gol sartu zituela galdeginda, poza azaldu zuen Hernandezek. “Saria da berarendako. Oso ongi ari da Cerviño, hemen jokatzearen aldeko apustua egin du eta merezi zuen”.
Kopan Cobisa, eta ligan Movistar Inter
Movistar Inter da lehen mailako liderra (21 puntu), puntu batera El Pozo Murcia duela (20 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (10 puntu). Hain zuzen ere talde irurtzundarrak Madrilen jokatuko du ligako bederatzigarren jardunaldia azaroaren 29an, Movistar Inter lider ahaltsuaren kontra, 21:00etan hasiko den partidan.
Baina lehenago Kopako hitzordua du talde irurtzundarrak. Kopako laugarren kanporaketan Osasuna Magna Xotak bigarren mailako Cobisa FS taldea izango du aurkari azaroaren 26an, 21:00etan, Gaztela Manchako Cobisa herrian.