Osasuna Magna Xotak azaroaren 26an bigarren mailako Cobisa (Gaztela Mancha) taldearen kontra jokatutako partidan ez zen sorpresarik egon eta talde irurtzundarrak ez zuen aparteko arazorik izan norgehiagoka 1-3 irabazi, eta Errege Kopako txapelketan aurrera egiteko.
Hala ere, erremontatzea tokatu zitzaion txuriz jantzita jokatu zuen talde irurtzundarrari, Cobisa taldea izan baitzen markagailuan aurreratu zena, euren zaleen zoramenerako. Baina nafarrek ongi erantzun zuten eta Pantak berdinketaren gola lortu zuen berehala. Bigarren zatian berdinketa apurtzera atera ziren bi taldeak. Xota beste talde bat izan zen, askoz ere arriskutsuagoa. Andres Geraghtyk bigarren gola sartu zuen, eta Pachuk hirugarrena. 1-3 irabazita, tramitea ongi bete eta kopan aurrera jarraitu du talde irurtzundarrak.
Dagoeneko lehen mailako ligan du burua Osasuna Magna Xotak, azaroaren 29an Movistar Inter lider ahaltsuaren kontra jokatuko baitu, 21:00etan, Madrilen.