Astekaria

"Zerbait oso polita egiten ari ginela sentitu dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abe. 18a, 13:21

Anitzarteaneko proiektuan parte hartu duten emakumeak, zerbitzuko, Atakondoako eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin.

Kulturartekotasun zikloan proiektu "berritzaile" bat sortu zen Irurtzungo joskintza taldean. Besteak beste, Aurora Burgui jostunak, Bego Zestau Anitzarteaneko teknikariak, Agurtzane Goñi Atakondoako zuzendariak eta Lorea Moreno gizarte langileak parte hartu dute

1. Zertan datza proiektua? 
Bego. Asteartetan jatorri desberdinetako emakume talde bat biltzen gara udaletxean, elkar ezagutzen dugu eta askok komentatzen zuten laboreak, puntua, jostea eta abar egitea gustatzen zitzaiela. Joskintza taldeari planteatu genion ea haiekin elkartuko ziren eta atsegin handiz baietz esan zuten. Maiatzen egindako joskintza ekimenean jantziak konpontzen aritu ziren, eta konturatu ginen eskolako festetan, Olentzeroan, adibidez, zenbait ikaslek arrazoi desberdinengatik ezin dutela nekazariz jantzi. Pentsatu genuen Atakondoan galdetzea ea hainbat jantzi egiten bazituzten, eta baietz esan zuten. 

2. Zeintzuk dira helburuak? 
B. Helburu pila bat elkartzen dira. Alde batetik, haurrak ez dira desberdin sentituko jantzia ez izategatik. Bestetik, belaunaldi eta kultura desberdinetako emakumeak elkartzen joan dira. Maiatzan hasi ziren eta gaur egun arte. Sakanan elkartasun proiektu berri bat da, baita Nafarroan ere berritzailea dela esango nuke. Emakume batzuk esan dute haiek ez dutela ezer egin, eta agian ez dute zuzenean jantzietan parte hartu, baina taldean emakumeak hartu dituzte eta hori ere bada. 

3. Nork parte hartu du? 
Aurora. Mari Carmenek tokillak eman ditu, beste bi Mari Carmenek eta Begoñak jantziak moztu eta albaindu dituzte, Soledadek,90 urterekin, asko josi du, eta   nik ere makinarekin josi du. Awatefek ere makinaz josi du, tuneziarra da, eta aurretik bazekien. Besteak beste, Daniela eta Margarita Hego amerikarrak eta Hortense, Kongokoa, ere gurekin egon dira. 

4. Nola egin duzue lan? 
Aurora. Denok sentitu dugu ari ginela zerbait oso polita egiten, pertsona guztiendako eta kulturartekoa. Integratuak egon gara, elkarrekin errespetatu gara eta oso ilusionatuta egon gara. Patroiak moztu zutenetik jantziak bukatu dutenak arte oso eskuzabalak izan dira. Kolaborazio handi bat izan da. 

5. Noiztik dago joskintza taldea? 
Aurora. Urte asko, hamarkadak. Bere garaian irakasle bat egon zen, eta gero guk jarraitu genuen. Tere Iriarte ezinbestekoa izan zen. Batak besteari erakusten dio. Aurten inoiz baino jende gehiago egon gara; ikasturte amaieran bazkari bat egiten dugu eta aurten 27 geunden! Politena izan zen Daniela, Margarita, Awatef eta abar ere etorri zirela eta oso pozik egon ziren. 

6. Noiz elkartzen zarete? 
Aurora. Asteartetan eta ostegunetan; josi ondoren, merendatzen dugu. Asko balortzen dut gure adinarekin astean bitan elkartzea eta ilusioa izaten jarraitzea. Dakiguna elkarbanatzen dugu. Nik pertsonalki guztiak eskertu nahi ditut. Jubilatuen elkarteari eskerrak ematen diogu ere tokia uzteagatik, eta udalari beti laguntzeagatik eta, adibidez orain, neguan, etortzen garenean berogailua jarrita dago. Oso gustura gaude. 

7. Materialak nork jarri ditu? 
Bego. Anitzarteanek zerbait jarri du, baina bestela jendeak eman du; parte hartu duen jendeak ekarri du behar zutena. 

8. Zenbat jantzi egin dituzue? 
B. bost neskena eta zazpi mutilen jantzien praka. 

9. Nola antolatuko dituzue jantziak eskolan? 
Agurtzane. Eskolan gertatzen da arrazoi ekonomikoengatik eta kulturalengatik ez dituztela jantzirik etxean. Horrelako jantzi bat gastu garrantzitsua da. Behar dituztenean eskatzen dira, baina beti ez daude guztiendako. Zenbait familiak txiki gelditutakoak utzi dituzte eskolan, baina ez dira nahikoak. Orduan, proiektu honekin momenturen batean norbait jantzi gabe etortzen bada edo jantzia behar badu egun horretan jantzi ahal zaio eta eguna pasa dezake. Ekonomikoki oso ongi ez dauden familiak daude, eta proiektua laguntza handi bat da. Behintzat egun horretan berdin sentitzeko; ez izatea jantzi baten faltagatik. Batzuetan egun batzuetarako ere utzi izan ditugu. Eskolan 460 ikasle inguru daude, 17 bat jatorri.

10. Dinamika honekin jarraituko duzue? 
Bego: Ikusiko dugu, orain baloratu beharko dugu. 

11. Abenduaren 13an Santa Luzia da, jostunen saindua. Ospatu duzue?
Joskintza taldea: Egia esan, ez dugu ezer prestatu. Biltzen garen bakoitzean ospatzen dugu, merenduarekin; eta zer nolako merenduak izaten dira, gainera!