Irurtzungo Udalak plazako frontoiaren atzean, Ugaldeta eta Larraun kaleen artean dagoen autoendako aparkalekuaren erabilera optimizatu nahi du. Hura hobetzeko, euri urak drainatzeko eta segurtasun eta irisgarritasun arazoak konpontzeko lanak eman nahi ditu. Obrak 103.032,56 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Kontratua bere gain hartzen duen enpresak lanak egiteko hiru hilabete izanen ditu. Deialdian interesa duen enpresak eskaintza aurkezteko abenduaren 12ko 12:00ak arteko epea du. Aparkaleku berrituak 1.346,24 metro karratuko azalera izanen du.
Egitekoak
Udalak lau egiteko aurreikusi ditu. Alde batetik, gaztetxokoaren hegoaldea egokituko du. Hala, sarrera nagusiaren ondoan zolatutako gune bat jarriko da eta han eserlekuak eta altzariak izanen dira, gaztetxokoa biltzeko edota atseden hartzeko gune txiki bat izan dadin. Horretan laguntzeko inguruan dagoen edukiontzien ilara espaloiaren mailan jarriko da, horretarako lurzorua beheratuz. Gaztetxokoaren ondoan bi auto elektriko aparkatzeko eta kargatzeko gunea izanen da.
Beste egiteko bat aparkalekuko zorua txukuntzea izanen da, hala drainatze arazoak konpontzeko. Aparkalekuak zirkulazio perimetral nagusia eta barruko kaleak asfaltozkoak izanen dira. Ibilgailuak aparkatzeko tokietan, berriz, porlanezkoak izanen dira. Hirugarren egitekoa aparkalekurako sarbide irisgarria da. Ugaldeta eta Larraun kaleen bidegurutzean hiru ataleko arrapala irisgarria eta eskailera eraikiko dira. Hori egiteko egungo espaloia errespetatuko da eta aparkalekuari zati bat kenduko zaio. Azkenik, Ugaldetak kaleko aparkalekurako sarbidearen ondoan behar bereziak dituzten pertsonen ibilgailuek aparkatzeko bi plaza egokituko dira. Horretaz aparte, aparkalekua pixka bat handituko denez, gaur egun espaloia okupatzen duten edukiontzien ilarak hartzeko espazio bat sortuko da.