Lastailaren 29ko Goi Mailetako Depresio Isolatuak (GOIDI) gehien jo zuen herrietako bat Massanassa izan zen. Herriko “haurrendako poztasun eta itxaropen une bat sortzeko helburuz”, joanen dira Olentzero eta Mari Domingi Massanassara larunbatean. Bisita Beriaingo Udal Elkarteen Plataformak, Beriaingo Udalak eta Nafarroako hainbat elkartek antolatu dute. Azken horien artean dago Irurtzungo Iskidi, mitologia pertsonaiekin joanen dena. Zehazki, Tartalo, Basajaun, Gaueko, hiru galtzagorri eta bi mikelats joanen dira.
Olentzero eta Mari Domingi lagunduko duen segizioa larunbatean, 10:45ean, abiatuko da. Segizioa osatuko dutenak dira: Mairu eta Kristauen dantza kolla, joaldunak, estandarteak, Hendaia (baserritarrez jantzitako pertsonak gozokiak banatzen), dantzariak, gaitariak, Beriaingo herritarrak baserritarrez jantzita, trikitilariak, txistulariak, euskal izaki mitologikoak eta momotxorroak (Mutiloakoak).
Segizioa 11:30ean udaletxeko plazara iritsiko dira eta han ekitaldia izanen da. Ondoren, dantza erakustaldiak eta haurrendako jarduerak izanen dira. Nafarroan 1.800 jostailu baino gehiago bildu dituzte, eta 12 urtetik beherako Massanassako 1.000 haur baino gehiagori emango dizkiete Olentzerok eta Mari Domingik 12:30etik aurrera. Gainera, zuzeneko musika eta familia jarduerak ere izanen dira. Massanassako Udalarendako ere diru moduan 17.739 euro eman dizkiote, Bizun bidez eta Chuchin Ibañezen kontzertu baten bidez lortutakoak. Dirua eskola materiala erosteko erabiliko dute.