Osasuna Magna Xotak Barça hartuko du bigarrenez epe laburrean. Aurrekoa ligako partida izan zen, talde irurtzundarraren alde erori zena (4-3), baina ilbeltzaren 7an, asteartea, 19:30ean Anaitasunan jokatuko den partida Errege Kopako kanporaketa izango da. Talde berdearen helburua garaipena lortzea da, txapelketan aurrera egin ahal izateko.
“Barçari irabaztea zaila da, baina lor daiteke. Partida final handi bat izango balitz bezala planteatu dugu, eta garen bezala jokatu nahi dugu, horrek gauden tokian egotera eraman digulako. Ilusio handiarekin eta anbizioarekin iritsi gara Kopako partidara” azaldu du Miguel Hernandez entrenatzaileak.
Barçak ligako azken hiru partidak galdu ditu, tartean, Xotaren kontrakoa, eta minduta iritsiko da Anaitasunara. Beraz, oraindik ere arerio latzagoa izango da. “Talde indartsua da. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta partida xehetasun txikietan erabakiko da. Ea partida irabazi eta Kopan jarraitzeko aukera dugun” gaineratu du teknikariak.
Ligan, El Pozoren kontrako partida gakoa
Lehen Mailako areto futbol ligari dagokionez, bi jardunaldi geratzen dira lehen itzulia despeditzeko. Lehen zortzi postuetan sailkatzen diren zortzi taldeek 2025eko Espainiako Kopa jokatuko dute. Egun, Osasuna Magna zortzigarren postuan dago (19 puntu), bederatzigarren postuan dagoen Industrias Santa Coloma puntu batera duela (18 puntu). Hortaz, datozen bi jardunaldiak oso erabakigarriak dira Xotarendako Espainiako Koparako sailkatu nahi badu.
Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia hartuko du ilbeltzaren 11n, larunbata, 19:00etan, Anaitasunan. El Pozo egun zazpigarrena da sailkapenean, eta, beraz, bi taldeen arteko lehia hil ala bizikoa izango da. Talde berdeak dei berezia egin die zaleei, guztien animoa eta laguntza behar baitu partida aurrera atera ahal izateko.