areto futbola

Kopako ametsari, agur

Guaixe 2025ko urt. 8a, 12:00

Barçak hasiera oso ona izan zuen, eta Osasuna Magna Xotak ezin izan zion partidari buelta eman. XOTA

Osasuna Magna Xota Errege Kopatik kanpo geratu da, Barçaren kontra galdu eta gero. Hurrengo helburua Espainiako Koparako sailkatzea da. 

Osasuna Magna Xotak Barça hartu zuen ilbeltzaren 7an Anaitasuna pabilioian, Errege Kopako final zortzirenetan. Abenduaren 27an ere Anaitasuna bisitatu zuen talde kataluniarrak, ligako hamabigarren jardunaldian, eta Xotak garaipen handia lortu zuen, 4-3 irabazita. Baina Errege Kopako kanporaketan, tamalez, talde irurtzundarrak ezin izan zuen garaipena errepikatu eta Errege Kopatik kanpo geratu da, Barçaren kontra 3-5 galdu eta gero.  

Gakoa partida hasiera izan zen. Barçak oso ongi ekin zion partidari eta ia konturatu gabe 0-3 aurreratu ziren kataluniarrak. Miguel Hernandezek hutsartea eskatu zuen eta hortik aurrera erasokorrago aritu ziren irurtzundarrak, eta Ligeirok eta Pachuk markagailuan 2-3 gerturatzea lortu zuten. Aukerak izan zituzten, baina ez zuten atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu. Bigarren zatian Barça indartsuago atera zen kantxara eta talde ahaltsuaren kalitatea antzemateko aukera izan zuten Anaitasunan bildutako zaleek. 2-5eko aldea hartu zuen Barçak eta Miguel Hernandezek azken 5 minutuetan Dani Saldise irurtzundarra atezain-jokalari jarri zuen. Ligeirok hirugarrena sartu zuen, baina ez zen gehiagorako tartea egon, eta 3-5 galduta Errege Kopari agur esan behar izan dio Xotak. 

Bi jardunaldi gako aurretik
Bi jardunaldi geratzen dira lehen mailako ligako lehen itzulia despeditzeko. Lehen itzulian lehen zortzi postuetan sailkatzen diren zortzi taldeek Espainiako Kopa jokatuko dute. Egun, Osasuna Magna zortzigarren postuan dago (19 puntu), bederatzigarren postuan dagoen Industrias Santa Coloma puntu batera duela (18 puntu). Hortaz, datozen bi jardunaldiak oso erabakigarriak dira Xotarendako Espainiako Koparako sailkatu nahi badu. 

Talde irurtzundarrak El Pozo Murcia hartuko du ilbeltzaren 11n, larunbata, 19:00etan, Anaitasunan. El Pozo egun zazpigarrena da sailkapenean, eta, beraz, partida hil ala bizikoa izango da. Talde berdeak dei berezia egin die zaleei, guztien animoa eta laguntza behar baitu partida aurrera atera ahal izateko. Hurrengo jardunaldian Islas Baleares Palma Futsal izango du arerio Xotak.