Areto futbola

Kopan sartzeko borrokan jarraitzen du Xotak

Guaixe 2025eko urtarrilaren 13a

Osasuna Magna Xota, berdinketaren gola ospatzen. XOTA

Osasuna Magna Xotak bana berdindu zuen El Pozo Murciaren kontra, eta Islas Baleares Palma Futsalen kontrako partidak erabakiko du Koparako sailkatzen den

Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia hartu zuen ilbeltzaren 11n Anaitasunan. Talde irurtzundarrak asko zuen jokoan, Espainiarako Kopa jokatu ahal izatea, hain zuzen. Izan ere, lehen itzulian sailkatzen diren lehen zortzi taldeek lortzen dute aipatu kopa jokatzea, eta Xota mugan zegoen.

Osasuna Magna ilusio handiz atera zen kantxara, Anaitasunan bildu ziren 2.408 zaleen aurrera. Denboraldiko sarrerarik onena izan zuen Anaitasunak. Gogotsu aritu ziren, gol aukerak sortuz, baina berdeek ez zuten kontrako atean asmatu. Asier Llamas atezain irurtzundarrak ederki zaindu zuen berdeen atea, eta atsedenaldira golik gabe joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian bide beretik segi zuen partidak, baloi galdu bat aprobetxatuta gola sartu eta El Pozo 0-1 aurreratu zenera arte. Berdeek ongi erantzun zuten eta erasoan jarraitu zuten, Ligeirok bana berdindu arte. Partida bukatzeko 8 minutu falta ziren, baina, nahiz eta aukera ederrak izan, ez zen gol gehiagorik egon eta berdinketarekin despeditu zen partida. 

Palmaren kontrakoak erabakiko du
Lehen mailako sailkapenean Movistar Inter da liderra (32 puntu), Servigroup Peñiscola (30 puntu), Barça (26 puntu), Jaen (26 puntu), Islas Baleares Palma (25 puntu), Jimbee Cartagena (24 puntu), El Pozo Murcia (22 puntu), Industrias Santa Coloma (21 puntu) eta Osasuna Magna Xota (20 puntu) taldeen aurretik. Talde irurtzundarra bederatzigarren da eta Kopara sailkatzeko borrokan jarraitzen du. Islas Baleares Palma Futsal taldearen kontra jokatuko du ligako lehen itzuliko azken partida, Palman, ilbeltzaren 25ean. Hil ala biziko partida izango da, Osasunak irabazi beharra duelako, eta beste partida batzuen emaitzak itxaron. Ea zer gertatzen den.