Areto futbola

Xota punturik gabe itzuli zen Caparrosotik

Guaixe 2025eko urtarrilaren 15a

Emakumezkoen lehen senior mailan talde irurtzundarrak ezin izan zuen Azkarrena mendean hartu

Emakumezkoen lehen senior mailan hamahirugarren jardunaldia jokatu zen. Xotak Caparroson jokatu zuen sailkapenean bigarren den Azkarrenaren kontra, eta partida oso lehiatu eta borrokatua eskaini zuten bi taldeek. 23. minutuan etxeko taldea aurreratu zen, baina Eider Goikoak bana berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera are gehiago estutu zen lehia. Azkarrenak bigarren gola sartu zuen, eta nahiz eta Xotak ahalegin guztia egin, ezin izan zuen berdindu eta berdeak punturik gabe itzuli ziren Irurtzunera. 

Lacturale Orvinak jarraitzen du lehen senior mailakoi lider (39 puntu), Azkarrena taldea 8 puntura duela (31 puntu). Xota laugarren da (17 puntu). Xotak sailkapenean azkena den Municipal Ribaforada taldea hartuko du ilbeltzaren 19an, 12:45ean, Irurtzungo Atakondoan.