Areto futbola

Asier Llamas, selekziora

Guaixe 2025eko urtarrilaren 15a

Asier Llamas atezaina bermea da Osasuna Magna Xotarendako. XOTA

Osasuna Magna Xotako atezain irurtzundarraz gain, Pachu jokalaria ere deitu du Jesus Velasco hautatzaileak. Llamasek 2027ra arte berritu du Xotarekin.

Osasuna Magna Xotako bi jokalari deitu ditu Espainiako areto futbol selekzioko hautatzaile Jesus Velascok: Asier llamas atezain irurtzundarra eta Pablo Garcia “Pachu” jokalaria. Biak ala biak sekulako denboraldia egiten ari dira. Otsailaren 4an Espainiako selekzioak Ingalaterra izango du aurkari 2026ko Lituaniako Europako Txapelketako sailkapen fasearen barruan eta testuinguru horretan iritsi da hautatzailearen deia.

"Sorpresa ederra"
Asier Llamasek 31 urte ditu eta lehen aldiz jaso du selekzioan aritzeko deia. Llamasek duen mailaren inguruan ez dago zalantzarik. Sasoi betean dago, eta bere parte-hartzeak ezinbestekoak dira Osasuna Magna Xotaren partida guztietan. Bi aldeak berriki adostasunera iritsi ziren eta jokalari irurtzundarrak beste bi urtez luzatu du talde berdearekin duen kontratua, 2027ra arte. 

Deialdia “ilusioz” hartu du Llamasek. “2025 indartsu hasi da, sorpresa ederra izan da. Lehen aldia izango denez, oso polita izango da hor egotea” azaldu du atezainak. 

Hautatzaileak, irurtzundarraz gain, Chemi (jimbee Cartagena), Jesus Herrero (Movistar Inter) eta Antonio Navarro (Quesos El Hidalgo Manzanares) atezainak deitu ditu, euren lana ikusi eta baloratzeko. Velascok guztira 30 jokalari deitu ditu aurre zerrendan, eta horietatik Ingalaterraren kontrako partidarako 14 aukeratuko ditu. Ilbeltzaren 22an jakingo dira nortzuk diren. Dani Saldise irurtzundarra izan zen selekzioan aritu zen azken nafarra. 

Bi aldeendako akordio bikaina
Asier Llamas "oso pozik" dago Xotan beste bi urtez jarraituko duelako, 2027ra arte. "Herriko eta etxeko taldea da, jaio nintzenetik bertakoa naiz eta nire lehenengo aukera izan da beti” azaldu du atezainak. Bi aldeak berehala iritsi ziren akordiora. “Bi aldeek elkar ongi ulertzen dugu”. Asier Llamasek ongi sentitzen dela nabarmendu du eta taldeak azkenaldian duen dinamika positiboari esker “baikor” dagoela nabarmendu zuen. “Goranzko joera honetan jarraitu beharra dugu, progresioan jarraitzeko. Ongi nago, ilusio berberarekin, eta gozatzen”. Lehen mailako atezain onenetako bat da irurtzundarra, oso erregularra.