Areto futbola

Ion Cerviño, 23 urtez azpiko selekziora

Guaixe 2025ko urt. 17a, 10:00

Ion Cerviño, Osasuna Magna Xotaren partida batean. XOTA

Osasuna Magna Xotako jokalari irurtzundarra ilbeltzaren 26tik 30era kontzentratuta egongo da selekzioan

Lehen mailako Osasuna Magna Xotak jokalari itzelak dituela ez da inolako sekreturik, eta Espainiako federazioan ere jakitun dira. Asier Llamas atezain irurtzundarra eta Pablo Garcia “Pachu” jokalaria selekzio absoluturako deitu dutela jakin eta gero, beste albiste baten berri izan talde irurtzundarrak: Albert Canillasek gidatzen duen Espainiako 23 urtez azpiko selekzioak Xotako bi jokalari, Ion Cerviño irurtzundarra eta Alejandro Palazón murtziarra, deitu dituela. Beraz, selekzio absolututik pauso batera daude bi jokalariak. 

Albiste hauek berri onak dira Osasuna Magna Xotarendako, harrobian eta atezainekin egiten den lana berresten dutelako, eta pozik daude klub berdean, Cerviño eta Palazón bezala. Biak ilbeltzaren 26tik 30era kontzentratuko dira 23 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin, Madrilen, eta lagunarteko partida jokatuko dute lehen mailako Movistar Inter taldearen kontra, ilbeltzaren 29an, 17:00etan, Joge Garbajosa pabilioian (Torrejon de Ardoz).