Irurtzungo Udalak bere Garbiketa Zerbitzuko lanpostu bat aldi baterako bete nahi du. Horretarako, oposizio lehiaketa deitu du. Lanpostua lanaldi partzialekoa da, zehazki, lanaldiaren %62,5a du. Lanpostuaz jabetzen den pertsonak gehienbat arratsaldez lan egin beharko du. Lana aldizkakoa da, eskola egutegiaren araberakoa. Soldatari dagokionez, E mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak ditu, gehi %15eko maila osagarria eta %17ko lanpostu osagarria. Hizkuntza eskakizunari dagokionez, hautagaiek euskarazko A2 maila izan beharko dute.
Irurtzungo Udalak deialdia baliatuko du zerbitzu horretarako ordezkapen-poltsa sortzeko. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea ilbeltzaren 28an despedituko da. Deialdiaren oinarriak interesdunen eskura daude Irurtzungo Udalaren Herritarren Arretarako Bulegoetan, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, baita irurtzun.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan ere.