Areto futbola

Koparen ateetan

Guaixe 2025ko urt. 27a, 10:00

Osasuna Magna Xotak bukaeraraino borrokatu zuen, baina hiru puntuak Palman geratu ziren. XOTA

Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Palma Futsal mendean hartu eta Espainiako Kopan sailkatzeko ateetan geratu da

Osasuna Magna Xotak partida erabakigarria zuen Son Moixen Islas Baleares Palma Futsal taldearen kontra. Talde irurtzundarrak irabazi beharra zuen, ligako lehen zortzi postuetan sartu eta Espainiako Kopa jokatzeko aukera izateko. Eskuan izan zuen garaipena, 0-2 aurreratu baitziren Miguel Hernandezen mutilak, baina Palma Futsalek buelta eman zion partidari eta 3-2 gailendu zen. 

Ongi hasi ziren gauzak Osasuna Magna Xotarendako. Ion Cerviñok 7. minutuan gola sartu zuen, Dani Saldiseren pasea ezin hobe probestuz. Asier Llamasek ongi zaindu zuen berdeen atea, eta atsedenaldira 0-1 aurreratuta joan zen Xota. Bigarren zatian dinamika berberean jarraitu zuen partidak, Xotak goian presionatuz. 25. minutuan estrategia jokaldi baten ondorioz bigarren gola sartu zuen talde irurtzundarrak, Tonik hasitako jokaldian baloiak Fabinho jo eta Palmaren ate propioan sartu zenean. 

Tamalez, soilik arbitroak ikusi zuen penalti batek guztia aldatu zuen. Fabinhok sartu zuen penaltia, 1-2 gerturatuz, eta handik gutxira bina berdindu zuen Palma Futsalek, Brunoren gol ikusgarri baten ondorioz. Osasuna saiatu zen, baina ezin. Zoritxarrez, partida bukatzeko 14 segundoren faltan Fabinhok Palmaren hirugarrena sartu zuen, 3-2, irurtzundarren itxaropen guztiak zapuztu zituena. 

Lehen itzulian lehen sailkatutako zortzi taldek jokatuko dute Espainiako Kopa: Movistar Inter, Servigroup Peñiscola, Islas Baleares Palma Futsal, Barça, Jaen Paraiso Interior, Jimbee Cartagena, El Pozo Murcia eta Industrias Santa Coloma. Osasuna Magna Xota, bederatzigarren sailkatu da, Santa Colomatik 2 puntura. 

Penalti erabakigarria
Miguel Hernandez entrenatzaileak nabarmendu zuenez, “penaltiak partidaren dinamika aldatu du. Ez dakit zein punturaino izan den penaltia, baina Palmari haizea eman dio eta egoera aldatu da”. Nolanahi ere, taldearen jarrerarekin kontentu zegoen. “Talde hau bukaeraraino doa, ez du amore ematen. Partida ona egin dugu gure kontra seinalatu duten penaltira arte. Kopan sailkatzeagatik oso gertu egon gara eta pena hori dugu, baino taldea denboraldi ona egiten ari da, eta hori da garrantzitsuena”. 

Hemendik aurrera ligan zentratuko da Osasuna Magna Xota. “Ea lehenbailehen 30 puntuetara iristen garen eta Play-Offekin amesten dugun”. 

Geldialdia, selekzioaren hitzorduarengatik
Asteburuan ez da ligako jardunaldirik jokatuko Espainiako selekzioak hitzordua duelako. Otsailaren 4an Ingalaterra izango dute aurkari. Hautatutakoen artean Xotako atezain Asier Llamas dago.