Guaixe txokoa, zuengana gerturatzeko modua

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko ots. 3a, 13:00

Jendea photocallean parte hartzera animatzeko, lehenik lankideak jarri ziren.

Irurtzun izan zen haren ibilbidearen aurreneko geldialdia. Guaixe txokoak ibarreko euskarazko hedabideak sustatzen dituen fundazioaren lana sakandarrei gerturatu nahi du. Helburua da 'Izan giltzarri' dinamika udalerri guztietara eramatea.

Irurtzungo plazatik joan zen larunbatean pasa zirenak Paris 365 jantoki sozialaren aldeko bigarren eskuko azoka egin zuten topo. Eta bertan zen ere Guaixe fundazioaren txokoa. Gure hiru lankide gerturatu ziren herritar guztiei harrera egin zieten. Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen fundazioaren txokotik pasa zirenak proiektuari buruzko argibideak jaso eta bazkidetza aukeren berri  izan zuten. Horrekin batera, poltsak eta koloreztatzeko liburuxkak eskuratzeko aukera izan zuten txokoa bisitatu zutenak. Animatuenak mozorratu eta photocalleko argazkirako jarri ziren. 

Fundazioko kudeatzaile Goizeder Anton Iturraldek azaldu duenez, "fundazioa herritarrei gerturatzeko saioa izan zen Irurtzungoa. Guaixe fundazioa ezagutarazi nahi dugu". Oinarrizko galdera batekin hasi ziren Guaixeko lankideen eta herritarren arteko elkarrizketak: Guaixe ezagutzen duzu? "Hortik aurrera elkarrizketak hasi ziren, baita sorpresak jaso ere". 

Kalera ateratzeko ekimen horren bidez, "elkar ezagutzeko eta elkarrekin eztabaidatzeko aukera izan nahi dugu. Baita sakandarren ekarpenak jasotzeko ere. Horregatik atera da Guaixeko lantaldea kalera. Eta, aldi berean, Sakanako euskarazko hedabideak sustatzen dituzten bazkideen kopurua handitzeko ere".  

Antonek aurreratu duenez, "Irurtzunen harrera ona egin ziguten. Ordenean ez bada ere, gure asmoa Sakana guztia zeharkatzea da. Guaixe fundazioa sakandar guztiengana gerturatzea da helburua". Datak gerturatu ahala Guaixe txokoa non jarriko den jakinaraziko du fundazioak. Baina zain ezin dena egon guaixe.eus webgunean du horretarako aukera. Izan Giltzarri!