Selekzioen geldialdiaren ondoren, bueltan da lehen mailako areto futboleko liga. Osasuna Magna Xotak Burela hartuko du otsailaren 7an, ostirala, 19:30ean Anaitasunan. Irurtzungo klubetik azaldu dutenez, Minbiziaren Kontrako Egunaren harira besoko berdea jantziko dute Xotako jokalariek, “itxaropenaren besokoak”. Ligako sailkapenean Movistar Inter da buru (35 puntu), Osasuna Magna Xota bederatzigarren (20 puntu) eta burela hamaikagarren (18 puntu), arerio zuzena.
Selekzioko kideak, pozik
Egunotan Espainiako selekzioetan aritu diren Xotako jokalariak bueltan daude. 23 urtez azpiko selekzioko topaketan Ion Cerviño irurtzundarra eta Alejandro Palazon atezain murtziarra izan ziren. Lagunarteko partida jokatu zuten Inter Movistarren kontra –5-4 galdu zuten baina Cerviñok gol bat eta asistentzia bat egin zituen–, eta esperientziarekin kontentu daude biak. “Sentsazioak oso onak izan dira, oso pozik nago. Oso gustura sentitu naiz selekzioko taldekideekin. Klubean egiten dugun lanaren saria da hau, sari polita. Ea noizbait selekzio absolutura heltzen naizen. Oxala” azaldu du Cerviñok.

Asier Llamas, Ingalaterraren kontra
Espainiako selekzio absolutuak lehenengoz Asier Llamas Xotako atezain irurtzundarra deitu zuen. Asier kontzentratuta egon zen selekzioarekin, eta otsailaren 4an Espainiak Ingalaterraren kontra jokatu zuen, 2026ko Lituaniako Europako Txapelketako sailkapen fasearen barruan. 0-6 gailendu zen Espainiako selekzioa, eta Asier Llamasek minutu batzuk jokatu zituen. Oso kontentu dago esperientziarekin.
