Anaitasunak gotorleku izaten jarraitzen du. Osasuna Magna Xotak Burela taldea hartu zuen otsailaren 7an Anaitasunan, eta nahiz eta partida ona ez izan, 3-2 irabaztea eta puntuak etxean geratzea lortu zuen talde berdeak.
Partida hasi eta berehala aurreratu zen Xota, Pachuren erremate bati esker. Gutxika Burela bere indarra erakusten hasi zen, baina Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea. Mendivek hiru aukera argi izan zituen, baina Burelako atezaina ere oso fin ibili zen. Atsedenaldirako 6 minuturen faltan Asier Llamasek ezin izan zuen Juninhoren berdinketa ekidin.
Bigarren zatian Xota erasora atera zen, eta berehala 2-1 aurreratu zen Korsuni esker. Partida gogortu egin zen. Asier Llamas seguru aritu zen atean, baina atzera ere Juninhok lortu zuen bigarren berdinketaren gola, 37. minutuan, partidaren bukaera gertu zegoela. Miguel Hernandezek hutsartea eskatu zuen eta atezain-jokalaria jarri zuen. Apustua ongi atera zen, Korsun ukraniarrak hirugarren gola sartu baitzuen, 3-2, garaipenarena. Partida bukatzeko geratzen ziren 3 minutuetan defentsa lan bikaina egin zuten berdeek eta hiru puntuak etxean geratu ziren.
Xotak sufritu zuen, baina irabaztea lortu zuen. “Ez da gure egunik onena izan, baina taldeak partidari eutsi dio, atezain-jokalariarekin aukera izan dugu eta hiru puntuak lortu ditugu” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak bukaeran.
Santa Coloma eta Cordoba, zain
Lehen mailako sailkapenean Movistar Interrek jarraitzen du lider (38 puntu), Barçari 5 puntu aterata. Osasuna Magna Xota zortzigarren postura igo da (23 puntu). Ligako hamazazpigarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak sailkapenean zortzigarren eta puntu berberekin arerio zuzena den Industrias Santa Coloma hartuko du, otsailaren 14an, ostirala, 19:30ean Anaitasunan. Hemezortzigarren jardunaldia otsailaren 18an jokatuko da eta Xotak sailkapenean hamaikagarren den Cordoba izango du aurkari, Andaluzian.