Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak Gafek antolatutako Plis Plas Kopako hirugarren jardunaldia hartu zuen otsailaren 7an. Lehenik eta behin Ugaitz Elizalde (Nafarroa Sakana) eta David Uribe (Araba) lehiatu ziren buruz buru. Norgehiagoka oso paretsuan partida xehetasunengatik erabaki zen eta, azkenean, Uribek lortu zuen gailentzea, 22-20.
Bigarren partidak, binakakoak, ikusmina piztu zuen. Adrian Azpiroz atzelari irurtzundarrak Garfe enpresarekin debutatu zuen, eta gertukoek ez zuten frontoian huts egin. Julen Retegi Bi aurrelari arruazuarrarekin osatu zuen bikoa Azpirozek (Nafarroa Sakana), eta Xabi Iribarren eta Iosu Bergera arruazuarra izan zituzten aurkari (Araba). Hiruko berdinketatik aurrera hartu zuten aldea Retegi Bik eta Azpirozek. Iribarrenek makina bat akats egin zituen, eta, Retegi Bik, aldiz, apenas egin zuen erratarik eta tanto asko egin zituen. Atzeko koadroetan Azpiroz sendo aritu zen bere entrenamendu kide eta lagun Bergeraren aurrean. Azkenean 22-9 gailendu ziren Retegi Bi eta Azpiroz. Irurtzundarra kontentu eta eskertuta zegoen Garferekin debutatu izanagatik.
Datorren astean, otsailaren 15ean, 17:30ean, Soriako La Juventud pilotalekuan jakingo da A multzotik zein talde sailkatuko den Labriten jokatuko den finalerako, Araba (2-2), (68-78), Nafarroa Sakana (1-1), (42-31) edo Bizkaia (1-1), (36-37). Nafarroa Sakanak (Aaron Arbizu buruz buru eta Aitor Etxeberria eta Javier Cuairan binakakoan) Bizkaia izango du aurkari.