Anaitasunak Xotaren gotorleku izaten jarraitzen duela argi geratu zen, atzera ere, lehen mailako ligako hamazazpigarren jardunaldian. Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma taldea hartu zuen otsailaren 14an, eta Miguel Hernandezen mutilek gol festa ederra ospatu zuten, 6-1 hartu baitzuten mendean arerio zuzena den talde kataluniarra.
Hala ere, bukaera aldean Xotak partida hautsi arte, bi taldeen arteko parekotasuna izan zen nagusi. Hasieran indartsu hasi zen Industrias Santa Coloma, baina Asier Llamas atezainak eta Osasuna Magna Xotaren defentsak ongi eutsi zuten. Andres Geraghtyk zabaldu zuen golen kutxa, 12. minutuan. Gol horrek konfiantza handia eman zion talde irurtzundarrari.
Atsedenaldia eta gero talde kataluniarra hasi zen arriskua sortzen, baina punteriak huts egin zien eta Asier Llamas ikusgarri aritu zen. Santa Coloma baloiak galtzen hasi zen, Xotaren mesederako. Pachuk bi gol jarraian sartu zituen, eta 3-0 aurreratuta, Xotak partida hautsi zuen. Dani Saldisek laugarrena sartu zuen, Juninhok bosgarrena, eta Tonik seigarrena. Anaitasuna festa handia zen. Santa Colomak ohorezko gola sartu zuen eta 6-1 irabazita hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen Xotak, Play-off postuetan jarraitzea ahalbideratzen diotenak.
Miguel Hernandez entrenatzailea oso kontentu zegoen. “Partida markagailuak erakusten duena baino askoz ere paretsuagoa izan da, partida bukaeran hautsi baita. Hiru puntu hauek taldearen konfiantzarako eta etxean galdu gabe jarraitzeko oso onak dira. Eta baita Play-off postuei begira golaveragearendako”.
Otsailaren 18an, Cordoba
Movistar Inter da liderra (41 puntu) eta Osasuna Magna Xota zazpigarren postura igo da (26 puntu), eta ligako titulua jokatzeko Play-off postuetan dago. Bihar, otsailaren 18an, hemezortzigarren jardunaldia dago jokoan eta talde irurtzundarrak sailkapenean hamahirugarren dean Cordoba Patrimonio Humanidad taldearen kontra jokatuko du Cordoban, 21:30ean. Ea garaipenaren bidean segitzen duen talde irurtzundarrak.