Sei Pistols eta Trabuko Bat taldearekin kantu bazkaria antolatu dute Irurtzungo Pikuxar elkartean, otsailaren 23an, igandea. "Kartela ikusita ematen du bestelako kontzertu bat izango dela. Ez da kontzertu bat. Musikariek azpimarratzen dute ez dela joan eta entzuteko kontzertu bat; kantuan aritzea gustatzen zaion jendearentzako da". Zigor Gartzia Zian Pikuxarreko eta kantu bazkariko antolakuntza taldeko kideak gaineratu duenez, musikariak bideratzaileak edo "aitzakia" dira. "Kantatzea gustuko duen jendearentzako elkartzeko aitzaki polita da; bildu eta abesti zahar zein berriak kantatu. Gustuko dugunontzat momentu politak izaten dira".
Sei Pistols eta Trabuko Bat taldea Arrasate eta Aretxabaleta "inguru horretatik" datorrela azaldu du Zianek. "Urteak daramatzate batez ere jai giroan kantu bazkariak eta afariak egiten". Emanaldi berezi hauetan jende asko biltzen dela, aspaldiko kontua dela eta "ohitura" badutela esan du Zianek. "Gure ezagunak dira eta proposatu genien noizbait Irurtzunera etortzea. Bederatzi musikari dira (txistua, perkusioa, pianoa, biolina, akordeoia, baxua, gitarra...) eta ez da erraza izan data bat finkatzea". Baina lortu dute, eta otsailaren 23an Pikuxarren izango dira. "Arratsalde polita izango da". Zianek gaineratu duenez, bazkaria elkartzeko "aitzakia" da, "bazkalostean kantuan aritzeko".
Taldeak 80tik gora abestiko errepertorioa dute, bi ordu baino gehiagoko saioa, eta helburua da denen artean abesti "hau eta bestea" kantatzea. "Kantu liburu bana banatuko diegu parte hartzen dutenei, eta gida gisa hartuta joango gara saioa aurrera". Kantu zaharrak eta berriak, "denoi belarrira ezagunak egiten zaizkigunak" kantatuko dituzte kantuzaleek. "Batzuetan ez zaigu erraza egiten hartu eta kantatzea, baina kantu liburuaren laguntzarekin eta beraien gidaritzapean errazagoa da". Zianek gaineratu duenez, ongi edo gaizki kantatzea ez da kontua, baizik eta "lagun artean egotea, eta kantatzeko eta parte hartzeko gogoa edukitzea".
Kantuan eta beste
Pikuxar elkartean ehun bat lagunendako tokia badago, "pixkatxo bat gehiago ere". Tokia badagoela esan du Zianek, eta jendea kantu bazkarian parte hartzera gonbidatu du. "Goizean mendira edo bueltatxo bat, eguerdian bazkaria eta gero kantutan". Duela pare bat urte antolatu zuten kantu afaria, eta jendeak oso ongi erantzun zuela esan du Zianek.
Pikuxarrek urtean zehar hainbat ekimen eta egitasmo antolatzen ditu. Besteak beste, hilabetero erakusketa bat jartzen du tabernan eta irakurketa taldea ere badu. Orokorrean batzorde bezala funtzionatzen dutela azaldu du Zianek, eta batzordeen artean kulturako ere bada. "Urtean zehar oinarriak markatzen dituzte, eta udara begira proposamen desberdinak egiteko beste taldetxo bat dago". Denen artean "aletxoa" jartzen dute, "bataren edo bestearen proposamena hartu eta lan taldeak egiten dira". Pikuxarrek berak, elkarteak, "aterpea" ematen die, "errazago antolatzen eta egiten dira horrelako gauzak". Aizpea euskara taldearekin batera hainbat gauza antolatzen dituztela gaineratu du Zianek. "Kantu bazkari hau, adibidez". Gauzak aurrera ateratzea errazago dela gaineratu du.