Osasuna Magna Xotak Quesos Hidalgo Manzanares hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Hiru jardunaldi jarraian irabazi ondoren eta etxean jokatuta, konfiantza handiz atera zen talde irurtzundarra kantxara. Jokaldi ederrak sortu zituen, baina ez zituen behar bezala aprobetxatu, eta gehiegi barkatzeagatik oso garesti ordaindu zuen, hiru puntuak Ciudad Realera joan zirelako.
Manzanares izan zen markagailuan aurreratu zena. Osasuna Magna Xotak denetariko aukerak sortu zituen, baina zurtoina, atezaina eta punteria falta zela... baloia ez zen sartzen, Juninhok banakako berdinketa lortu arte. Bigarren zatian partida orekatu egin zen. Manzanaresek defentsan hobetu zuen, eta ongi eutsi zion Irurtzungo taldeari. Bi taldeek aukerak sortu zituen, baina berriro esango dugu, Xotak gehiegi barkatu zuen. Azkeneko minutuetan Manzanaresek gola sartu zuen eta 1-2 aurreratu zen. Atezain-jokalariarekin jokatu zuen Xotak, baina nahiz eta berdintzeko aukerak sortu, baloiak ez zuen sartu nahi izan, eta talde irurtzundarrak denboraldian lehenengoz galdu egin zuen.
Miguel Hernandez entrenatzailea penaz zegoen. “Ez dugu galtzeko moduko partida egin, baina gaur ez dugu asmatu, lehen zatian batez ere”.
Bihar, Noiaren kontra
Lehen mailako lider Movistar Interrek jarraitzen du (44 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren postuan dago (29 puntu). Bihar, otsailaren 25ean, asteartea, Galizian jokatuko du talde irurtzundarrak, Noia Portus Apostoli taldearen kontra, 20:30ean.