Areto futbola

Xotari, Noian, ez zitzaion ezer ere ez atera

Guaixe 2025eko otsailaren 26a

Xotakoak saiatu ziren, baina ez zen modurik egon. XOTA

Talde irurtzundarrak bost egunetan bi partida galdu ditu, eta bide onera itzuli nahi du otsailaren 28an Anaitasunan Valdepeñasen kontra jokatuko duen partidan

Nola aldatzen diren gauzak egun batetik bestera. Aurreko astean pozarren zeuden Osasuna Magna Xota taldeko jokalariak eta teknikariak: hiru garaipen jarraian, taldea lehen mailako ligako play-off postuetan sendotzen... sentsazioak oso onak ziren. Baina otsailaren 21ean Manzanaresen kontra galdu, eta otsailaren 25ean Noian atzera ere galdu ondoren, jada guztia ez da ospakizuna eta festa. Oraindik play-off postuetan jarraitzen du Xotak, baina bertan mantentzeko bolada onera itzuli beharra du.  

Lehen mailako ligako 20. jardunaldian Galizian jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, Noia taldearen kontra. Talde berdea indartsu atera zen kantxara eta gauzak ongi hasi ziren, Ion Cerviño irurtzundarrak 2. minuturako Xota aurreratu baitzuen, Toni Escribanok langara bidalitako baloi bat berreskuratu, eta Noiaren atean sartu eta gero. Baina Noiak berehala buelta eman zion partidari eta atsedenaldirako 2-1 aurreratu zen. Bigarren zatia hasi bezain pronto hirugarrena sartu zuten galiziarrek. Xota behin eta berriz saiatu zen, modu guztietara, baina talde irurtzundarrari ez zitzaion ezer ere ez atera. Partida bukatzeko 6 minuturen faltan, Miguel Hernandezek atezain-jokalariaren alde egin zuen, baina ez zen ongi atera, Xotak bi gol gehiago jaso zituelako. Beraz, berdeak 5-1 galduta itzuli dira Galiziatik, jota. 

Xotaren ADN-a berrekuratzera
Miguel Hernandez entrenatzaileak argi eta garbi esan zuenez, “gaur Xota izatetik oso urruti egon gara. Akats potoloak izan ditugu kontzentrazioan, intentsitatean... ez gara ongi aritu”. Ardura guztia bere gain hartu zuen: “jokalariei ez diet behar bezala transmititu partida hau jokatzeak eskatzen zuen inplikazioa. Emaitza honek min handia egiten digu gertatu den formagatik. Orain, Xotaren ADN-a berreskuratu beharra dugu. Une gogorra da, baina badakigu zein den bidea”. 

Valdepeñas, zain
Lehen mailako ligako 20. jardunaldia despeditzeko hiru partiden zain, momentuz Movistar Interrek jarraitzen du lider (45 puntu), Servigroup Peñiscolari puntu bat aterata (44 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (29 puntu). 21. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas taldea hartuko du, otsailaren 28an, 19:30ean, Anaitasunan. Ea Xotak ADN-a berreskuratu eta garaipenaren xendara itzultzen den.