Otsailaren 19tik 23ra Espainiako Emakumezkoen Areto Futboleko 16 urtez azpiko eta 19 urtez azpiko Txapelketetako multzoen fasea jokatu zen Madrilen. Nafarroako selekzioek parte hartu zuten, Xotako jokalari ohi Leandro Fernandezek gidatuta. Tartean, Irurtzungo Xotako jokalariak zeuden: 16 urtez azpikoan Nahiara Lamarca eta Leire Fernandez, eta 19 urtez azpikoan Naia Lizarraga, Nahia Moran, Ekiñe Aguirre eta Eider Goikoa. Sakandarrek lan ona egin zuten.
16 urtez azpiko mailan Nafarroa ongi aritu zen Kantabriaren kontra, 0-2 irabazita, baina Madrilen eta Aragoiren kontra galdu eta gero, A multzoko hirugarren sailkatu zen Nafarroa. Multzoko onenak, Madrilek, egin du aurrera. 19 urtez azpikoan Nafarroa laugarren sailkatu zen, Kantabria, Madril eta Aragoiren kontra galdu eta gero. Madrilek egin du aurrera. Lehiatzeaz gain, RFEF-ko Futbolaren Hiria bisitatu zuten Nafarroako selekzioko kideek, esperientzia zirraragarrian. Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafa del Amo izan zuten gidari.