Bigarren zatian Osasuna Magna Xota askoz ere arriskutsuago aritu zen. Gol aukera gehiago sortu zituen, eta 22. minutuan Dani Saldisek bana berdindu zuen estrategia jokaldi batean. Miguel Hernandezen taldeak erasokor jarraitu zuen, eta Ligeirok 2-1 aurreratu zuen talde berdea. Xotak hirugarren gola lortu nahi zuen, eta aukerak izan zituen, baina jokaldiak borobiltzea falta izan zitzaion. Punteria falta izan zuten berdeek. Horrek bizia eman zion Valdepeñasi, atezain-jokalari figura erabiliz partida bukatzeko 2 minuturen faltan bina berdintzea lortu baitzuen. Azken 2 minutu eroetan ongi eutsi zuen Valdepeñasek eta binakako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.
Miguel Hernandezek aitortu zuenez, “lehen zatia txarra izan da; bigarrenean askoz ere hobeki lehiatu gara eta markagailua irauli dugu. Baina ez dugu gol gehiagorik sartu eta berdindu digute. Talde handien kontra lehiatzen gara, askotan sailkapeneko postuak ez du taldeen potentziala islatzen”.
Atsedenaldia
Lehen mailak lider berria du, Servigroup Peñiscola (47 puntu). Barça bigarren da eta Movistar Inter hirugarren, biak 45 punturekin. Osasuna Magna Xota zortzigarren postura jaitsi da (30 puntu). Asteburuan ez da ligarik jokatuko, selekzioen txanda baita. Martxoaren 16an Osasuna Magna Xotak puntu berdinekin sailkapenean zazpigarren den Jaen Paraiso Interior taldea izango du aurkari, 18:00etan, Andaluzian. Beraz, postua dago jokoan.