Plazako frontoiaren atzeko aldean dagoen haurrendako jolas parkeak estalpea du dagoeneko. Plazako frontoiaren frontisaren atzean dauden jolaserako elementuak estali dira. 140 metro karratu ditu estalpeak, poliester oihal tenkatu batez egina dago, eta hari metalezko egitura batek eusten dio. Parte hartze aurrekontuen bidez lan hori egitea erabaki zuten irurtzundarrek. Baina 2023ko 35.000 euroak nahikoa ez zirenez, udalak beste 45.000 euro gehiago jarri zituen 2024an lan hori egiteko. Estali den jolas parkeak bost jolasgune ditu. Lanak Maderplay SM enpresak egin ditu 78.492,70 euroren (BEZ barne) truke. Lanak finantzatzeko udalak Hydro enpresaren gizarte politikaren 9.950 euroko ekarpena jaso du.
Irurtzunek aurten, atzera ere, parte hartze aurrekontuak izanen ditu. Aurki emanen dute horren berri. Udalak jakinarazi duenez, 40.000 euroko poltsa izanen da irurtzundarrek aukeratutako inbertsiora bideratzeko.