Euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzeko, herritarren euskarazko kultur kontsumoa eta euskal liburugintza indartzeko, liburutegi publikoen erabilera bultzatzeko eta esperinetzia literarioak konpartitzeko helburuarekin Sakanako Mankomunitateak, Baztango Udalarekin, Bortzirietako Euskara Manko-munitatearekin eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearekin batera Literatura Geraldiak egitasmoa antolatu du, otsailean hasi eta ekainera arte. Sakanan hiru hitzordu daude; lehenengoa, gaur, martxoak 7, Rifqa: Honengatik egiten dugu dantza poesia errezitaldi musikatua izanen da, 18:30ean, Lakuntzako liburutegian, eta hurrengoa datorren ostegunean, martxoaren 13an, osteguna, 18:30ean, izanen da: Miren Agur Meabe idazlearen Larruaren kodea hitzaldi-errezitaldia, Irurtzungo Pikuxarren.
Nondik dator 'Larruaren kodea' izenburua?
"Aldaketa txiki bat egin diot izenburuari: 'Larruaren kodea edo'"
Hala iragarrita dago, baina egia esan behar badut, emanaldi honi begira hitzaldia errepasatzen hasi naizenean, konturatu naiz gauza batzuk zaharkituta geratu zaizkidala. Izatez aspaldi emanadako hitzaldi bat zen, eta orduan aldaketa txiki bat egin diot izenburuari: Larruaren kodea edo. Pixka bat desberdintzeko orain urte batzuk bai Literatulian bai beste gune batzuetan emandako hitzaldi hartatik. Oinarrian hura dago, baina orain eguneraturik eskainiko dut.
'Azalaren kodea' liburuak hitzaldian zer lotura du?
Izenburuak keinua egiten dio aspaldiko poema liburu horri. Kodearen etimoa latina da, latinekoa: Codex. Codex hitzak esan nahi du zuhaitzaren enborra. Horrek ekartzen digu gogora garai urrnetako koadernoen egurrezko tapak. Baina ildo horretatik badugu beste etimo bat, codex membranei eta latinez hitz horiek erabiltzen ziren liburuak izendatzeko. Membranei horiek, hitzak adierazten duen moduan, larrumintzak ziren; liburu orriak egiteko. Orduan, codex eta codex membranei horiek hartuta, hau da, egurra edo koadernoa eta membranei, zer egin dut? Azalalarrua eta idaztea literatura ardatzen inguruan horrelako iruditegi bat prestatu, hainbat oroitzapen, pasarte eta poema makulutzat hartuta. Gizakion azala ere denboraren poderioz ondu egiten da, eta larru bihurtzen da. Larru horiek badu egurraren antza ere.
Zer gai lantzen dituzu?
Hautatu ditut hainbeste poema, baita prosa pasarteak ere, zerikusia daukatenak nire literaturagintzan konstantea diren hainbat ardurarekin. Bata da literatura bera edo idaztea; bestea identitatea da; heriotza; gorputza, nire idazkera oso deskribatuta dago gorputza; beste bat da artea, eta gizartea. Horiek izango dira testuen eta gogoeta horien bitartez islatuko diren gaiak.
Mitoak, kondairak, herri koplak eta narrazioak ere lantzen dituzu. Bilaketa handia egin behar izan duzu?
Ni neu pertsonalki ez, baina beste batzuek bilatutakoari kasu egiten diot. Mitoak eta kondairak hasirako hitzaldi horretan mundu grekolatainarrarekin zerikusia zeukaten. Latinezko etimo horrek ematen digu pista. Baina oraingo bertsioan ez dauka hainbeste pisurik. Nahiago izan dut neure poesiagintzara ekarri. Argitaratu gabeko poema batzuk sartuko ditut, eta gure inguruneko koplaren eta kondairaren batzuk.
Hitzaldi hauetan jendeak parte hartzeko aukera du?
Hitzaldiek desabantaila bat daukate liburuekin konparatuta. Liburuen gaineko solasaldiak egiten direnean publikoak aldez aurretik irakurrita daukanez baditu hainbat galdera egiteko. Hitzaldiak beste formatu bat dira, momentukoa, bertatik beratarakoa. Orduan, pixka bat zailagoa izaten da solasaldia mamitzea. Baina beti egoten da galderaren bat. Behintzat aukera izango dugu. Gogoan daukat Pikuxarren egon ginen aurreko aldian etxeko salan bezala sentitu ginela denok. Orotariko komentarioak eta galdera eta erantzunak izan ziren.