Asteburuan emakumezkoen lehen senior mailako igoera faseko 1 eta 8 postuen arteko bosgarren jardunaldia jokatu zen. Xotak Azkoyen taldea hartu zuen Atakondoan, eta berehala ikusi zen Azkoyen ez zela ezer oparitzeko prest etorri. 18. minuturako 0-3 aurreratu ziren Erriberakoak. Naia Lizarragak 1-3 hurbildu zuen Xota, baina Erriberakoen laugarren gola iritsi zen segituan. Atzera ere Naia Lizarraga izan zen Xotaren golegilea eta markagailuan 2-4koa ezarri zuena, baina partida bukatzear zela bosgarren gola sartu zuen Azkoyenek eta 2-5 irabazi zuen Erriberako taldeak.
Sailkapenean Lacturale Orvina A taldeak jarraitzen du lider (15 puntu), Mendialdea A eta Txantrea B 3 puntura dituela. Xota zortzigarren da (puntu bat). Seigarren jardunaldian Xotak Txantrea B du aurkari, baina partida apirilaren 16ra atzeratu du.