Areto futbola

Osasuna Magna Xota esku hutsik itzuli zen Jaendik

Guaixe 2025ko mar. 17a, 10:00

Osasuna Magna Xotak ezin izan zion partidari buelta eman. XOTA

Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina kontrako atean talde nafarrak gehiago barkatu zuen. Asteburuko atsedenaldiaren ondoren, talde irurtzundarrak liderra hartuko du

Lehen mailako areto futbol txapelketako 22. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Jaen Paraiso Interior izan zuen aurkari. Tamalez, talde irurtzundarra esku hutsik itzuli zen Andaluziatik, 4-2 galdu eta gero. 

Bi taldeen arteko lehia oso paretsua izan zen, nahiz eta talde nafarra beti atzetik aritu. Jaenen eraso potentzialaren jakitun, defentsa sendoa izan zen Xotaren apustua, baina berdeen baloi baten galerak ekarri zuen Jaen 5. minutuan markagailuan aurreratzea. Xotak ongi erantzun zuen, segundo batzuk beranduago Toni Escribanok baloi bat lapurtu eta Saldiserekin jokatu ondoren, banakako berdinketa lortu baitzuen. 

Osasuna Magna Xotak ongi mugitu zuen baloia, arriskua sortuz, baina atzera ere Jaen izan zen 2-1 aurreratu zena. Zorionez, atsedenaldia baino lehen bina berdintzea lortu zuen Geraghtyk. Asier Llamasek atea ongi zaindu zuen txanpa horretan. Bigarren zatian partida itxiagoa izan zen, arrisku jokaldi gutxiagorekin. Jokaldi korapilatsuan, falta eskatu zen eta Dani Zurdok jaurtikitako faltaren jokaldian iritsi zen 3-2koa. Roberto Martil eta Asier Llamas Xotaren jokalari ohiaren jaurtiketaren errematea urruntzear egon ziren, baina ezinezkoa izan zen. Xotak aukerak izan zituen, baina ez zituen gauzatu. Azken txanpa hartu-emana izan zen, bi taldeak nor baino nor aritu baitziren, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Atezain-jokalariaren alde egin zuen Miguel Hernandezek, baina zorte txarreko jokaldi batean laugarrena sartu zuen Jaenek eta 4-2 galduta itzuli ziren jokalari berdeak. 

Miguel Hernandez partida galdu izanagatik penatuta zegoen. “Bukaerara arte partida paretsua izan da, baina kantxa hauetan gehiago asmatu beharra dago, gol gehiago sartzea. Hori izan da falta izan zaiguna. Lan egiten jarraitzea, ez dago besterik”. 

Hurrena, liderra
Lehen mailako lider Servigroup Peñiscola da (50 puntu), 4 puntura Barça duela (46 puntu). Osasuna Magna Xotak play-off postuetan jarraitzen du, zortzigarren (30 puntu). Asteburuan ez dago jardunaldirik, baina hurrengoan, talde irurtzundarrak liderra hartuko du, Peñiscola, martxoaren 29an, larunbatarekin, 19:00etan Anaitasunan jokatuko den partidan.