Astekaria

Irurtzungo antzerki taldean, Venezia gogoan

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mar. 24a, 11:45

Irurtzungo Antzerki Taldearen 'Venecia Mio Cuore' antzezlanaren une bat. UTZITAKOA

'Venecia Mio Cuore' antzezlanaren emanaldia egin zuten martxoaren 22an eta 23an, arrakasta handiarekin. Hemezortzi bat kidek osaten duten aurten antzerki tailerra, eta antzezlan "eroa" proposatu dute.

"Irudimenezko" Venezia batean sortu edo oinarritu dute Irurtzungo Antzerki Taldearen aurtengo antzezlana. "Istorio honetan parte hartzen duten pertsonaiek Venezian pentsatzen dute behin eta berriz", azaldu du Peio Aldaz taldeko kideak. "Bakoitzak bere Venezia" daukala gaineratu du Enara Urrak. Martxoaren 22an eta 23an mustu zuten Venecia Mio Cuore antzezlana. Urtero bezala, arrakastatsua izan da antzerki taldearen proposamena. Urrak azaldu duenez, Irurtzunen ohitura handia dago antzerkia ikustera joateko, "eta urtero filpatzen ateratzen dira; baina, zer ikusi dugu? esaten dute. Hurrengo urtean berriro etortzen dira". Aldaz: "Hartzen zaituzte eta galdetzen dizute: zertaz zihoan antzerkia?". 

Irurtzungo Antzerki Taldearen zuzendaria eta antzezlanaren dramaturgoa Angel Sagues antzerkigilea da. "Hasten garenean, hasi eta astera edo bi astera, gidoi moduko batzuk ekartzen dit, eta horiek abiapuntua da", azaldu du Aldazek. Aurtengo antzezlana adaptazio bat dela gaineratu du Urrak, "obrak, berez, sei pertsonaia ditu eta gu tailerrean aurten 18 bat gara, beraz, pertsonaiak nonbaitetik atera behar izan ditu". Adaptazio horretan taldekideen "grina" sartzen dela esan du antzezleak. Udazkenean hasi ziren lan berria prestatzen, eta aste honetan izan ditute azken entseguak, asteartetik ostiralera egunero bildu dira. "Egia esan, pixka bat urduri nago". Aldazek azaldu duenez, Venecia Mio Cuore prestatzearen gauzarik zailenetarikoa izan da pertsona "asko" daudenez, ezin izan dutela egun bakar atean denak egon; "zaila da, azkenean besteen feedbacka behar duzulako". Urrarendako paragrafo jakin bat izan da zailena, "ero bihurtzen naiz eta oraindik ez dut guztiz barneratu...".


Irurtzungo Antzerki Taldeko hainbat kide entsegu batean. UTZITAKOA

"Testuak ere baditu bere gauzak". Zuzendariak idazten duena egin behar dutela azaldu du Aldazek, eta taldean urteak daramatzaten arren erronka bat izaten jarraitzen duela gaineratu dute antzezleek. Aldaz aurten Dino da, eroetxetik bere aitarekin atera berri den pertsona androgino bat. S-ak eshe moduan esaten ditu, eta hori asko landu behar izan du. "Adibiez, mundo hitza esan beharrean mundos esaten du". Urraren kasuan prostituta baten papera egiten du, "munduaren kontra joaten da, pasotismo pixka bat du eta beti bronketan sartuta dago". Urra antzerkia ikasten ari da ere, eta pertsonaia bakoitzak "tik bereziak" dituela ikasi du: "Gorputza jartzeko era eta abar. Nik ez dut azento jakin bat, eta orduan gorputza jartzeko moduan zentratu naiz; etengabe seduzitzen ari da".  

"Normalean Angelek beti komedia puntutxo bat sartzen du"

"Normalean Angelek beti komedia puntutxo bat sartzen du", esan du Aldazek Venecia Mio Cuore antzezlana komedia den galdetuta. Urra: "Azkenean, ez dago obra bat guztiz drama dena edo guztiz komedia dena. Bestela, tragikomedia grekoerromatar bat izango zen eta publiko guztia aterako zen leher eginda". Jendea antzezlana ikustera gonbidatu dute: "Ez gaude ziur ongi aterako denik, baina asko gara eta guztien artean sabatzen gar". Taldean hamar urteko neska batetik 70 bat urteko emakume bateko adin tartea dago, "eta hori oso polita da". 

Antzerkitik harago
Aurtengo antzezlanerako ere atrezzoa-ren egileak izan dira antzerki taldeko kideak. "Sorpresa ez da jende guztiak ikusi gaituelako etxetako atarietan espraiekin margotzen!", esan du Urrak. Hasiera batean margolan bat hutsetik egin behar zuten, "baina talde bat garenez batek esan zuen ekarriko zuela gauza bat eta beste batek bestea. Bakoitzak etxera eraman zuen eta margolanak ekartzen joan gara".

Udazkenean lau antzerki talderekin elkartrukea egin zuten, eta lehenengo aldiz kale antzerkia egin zuten, Irurtzunen ere. "Gernika plazan egin genuen eta oso egun txarra zen: kopa finala zegoen, Iruñean gaixoa ni...".  Topaketak "oso aberasgarria" dela esan dute. Urra: "Bazkari erraldoi bat egin genuen eta sari banaketa egon zen, eta sarien artean biok abestu genuen".