Biribilgune bat aurreikusi da Bi Ahizpe kalean

Guaixe 2025ko mar. 24a, 09:30

Bi kaleetako trafikoa bideratzeko biribilgunea eginen den ingurua.

Kaleak eta Akaborro industrialdearen gainetik pasatzen den kaleak bat egiten duten tokian hain zuzen ere

irurtzun

Lurralde Kohesiorako Departamentuak behin betiko onartu du Irurtzunen iparraldeko sarreran biribilgune bat egiteko proiektua. Zehazki, NA-2409 errepideko, Bi Ahizpe kaleko, 20+600 kilometro puntuan eraikiko du aipatutako biribilgune hori. Hain zuzen ere Bi Ahizpe kaleak eta Akaborro industrialdearen gainetik pasatzen den kaleak bat egiten duen tokian aurreikusi dute biribilgunea. Proiektuak 1.233.534,83 euroko (BEZa barne) aurrekontua du. Lanak egiteko guztira 1.282 metro karratu desjabetuko ditu gobernuak. Biribilguneko lanek lau lurjaberi eraginen die: herritar bat (507 m2), enpresa bat (13 m2), Irurtzungo Udala (29 m2)eta Nafarroako Gobernua (733 m2).

Unai Razkin Iriarte alkateak argitu duenez, "departamentuak proiektua onartu du. Prozesu guztiaren aurreneko pausoa da. Baina lanen deialdia epe laburrean ez dutela eginen esan ziguten asteartean". Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion bi kale bere izenean jartzeko. "Lizarra kalea (NA-7010) berehala udalaren eskura pasako da", aurreratu du alkateak.

Udalak jabetzan nahi duen beste kalea Bi Ahizpe da, egun NA-2409 errepidea dena. Horretarako,  gobernuari eskatu dio saihesbideari eta Akaborro industrialde gainetik pasatzen den kaleari errepide izaera ematea. "Esan ziguten azken kale hori ezin zuela errepide nagusi izan aipatu bidegurutzeak ez zuelako araudia betetzen, neurriengatik eta bestelakoengatik. Bidegurutzea berritzea eskatu genien. Proiektua horretarako da, biribilgunearen bidez inguru hori ordenatu eta araudira egokitzeko", azaldu du Razkinek. Alkateak gogora ekarri du saihesbidearen aurreneko proposamenetan ere, duela 25-30 urte, han biribilgune bat egitea aurreikusten zela.

Bestalde, departamentuarekin izandako bileran Razkinek izan du saihesbidearen bigarren fasearen berri: "autopistarako irteerako lanen lizitazioa bukatzen ari dira. Alegaziorik ez bada, lanak garila aldera hasiko lirateke eta urte akaberarako despeditu". Lan horrek 1,6 milioi euroko aurrekontua du. Izurdiagako saihesbidetik errei abiatuko litzatekeen errei berri bat eraikiko dute autopistarekin bat egin arte.