Mugaz gaindiko proiektu txikiendako dirulaguntza deialdia azaltzeko jardunaldia

Guaixe 2025ko mar. 25a, 10:45

Olatzagutiko Arkinorruti industrialdea. ARTXIBOA

Sare sozioekonomikoko eragileek, enpresa txiki eta ertainak barne, dirulaguntza deialdian parte hartzeko aukera izanen dute.

Irurtzungo Dinabide guneak mugaz gaindiko proiektu txikien POTTEFA 2021-2027 deialdiaren berri azaltzeko jardunaldia hartuko du. Apirilaren 9an izanen da, 11:30ean, eta ordu eta erdi iraunen du, atsedena barne. Aurkezpenean dirulaguntza deialdiaren alderdi praktiko eta teknikoak azalduko dira.

Jardunaldian Nafarroako Gobernuko lau kidek parte hartuko dute, bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo Hualde buru dela.  Mugaz gaindiko lankidetzarako baliabideen berri emanen du Iñaki Martinez de Vírgalak, Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren zerbitzuko zuzendariak. Dirulaguntza deialdiari buruzko argibideak Marina Roncalek emanen ditu. Bera Eskualdeen arteko eta Mugaz gaindiko Lankidetzaren atalburua da. Sergio Perezen, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren hitzartzearekin eta galde-erantzunetarako txandarekin despedituko da jardunaldia. 

POCTEFA deialdiaz 
INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programak (POCTEFA 2021-2027) proiektu txikiendako pentsatutako atal bat du. POCTEFA tradizionalen eskema bera izan arren, dimentsio eta kudeaketa eskuragarriagoa dute. Proiektu txikien hautagaitzak erakunde juridikoen lankidetza batek aurkeztu behar ditu. Lankidetza hori sustatzaile publiko edota pribatuek osatuko dute, programak lehentasun bakoitzerako zehazten duenaren arabera.

Estatu desberdinetako (Espainia-Frantzia-Andorra) bi erakundek edo mugaz gaindiko erakunde juridiko batek osatuko dute lankidetza, bazkide bakar gisa. Erakunde "taldeburua" Espainiakoa, Frantziakoa edo Andorrakoa izan daiteke, eta proiektuaren arduraduna izango da Kudeaketa Agintaritzaren aurrean. Erakunde hautagaiek, beren proiektuak egiterakoan, kontuan izan behar dituzte programaren lehentasunak: "ezagutza eta berrikuntza gune komun bat sortzea; balio ekologikoak babestea eta sendotzea; enplegurako eta kalitatezko prestakuntzarako sarbidea erraztea; esparru inklusibo eta sozialki integratu bat eraikitzea eta turismo iraunkorra eta kultura bultzatzea".

Deialdiak 4 milioi euroko funtsa du. Proiektu bakoitzak, gutxienez, 15.000 euroko finantza-dimentsioa izan behar du, eta 200.000 eurokoa gehienez, eta kofinantzaketa-tasa % 65ekoa da. Proiektuen gehieneko iraupena 24 hilabetekoa izango da. Jardunaldiaz aparte, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak, Kanpoko Eskualde arteko Lankidetza eta Herritartasun Zerbitzuaren bitartez, aholkularitza pertsonalizatuagoa eskaintzen du, eta tailer bat aurreikusten da datorren maiatzean interesdunen artean proiektuak idazteko, Europar Batasunean epe barruan eta modu egokian aurkeztu ahal izateko.

Esanak
Ollo lehendakariordeak POCTEFA proiektu txikiak finantzatzeko aukera aprobetxatzearen garrantzia helarazi die eragile sozioekonomiko eta erakundeei, bereziki Enpresa Txiki eta Ertainei. "Nafarroa osoa mugaz gaindikoa da finantzaketa-deialdietarako, eta Gobernu honek, Kanpo Ekintzako Planaren barruan, oso argi dauka mugek aukera eta lankidetza iturri izan behar dutela, ez bereizten duen oztopo bat" adierazi du Ollok.

"POCTEFA proiektu txikiak dira, batzuetan, gero POCTEFA deialdi tradizional bikoitza egiteko aukera duten proiektu handien harrobia, edo Akitania-Euskadi Nafarroa Euroeskualde Berriaren eremuan kudeatutako beste bitarteko batzuen harrobia", gaineratu du lehendakariordeak, lurralde propioa hobekien ezagutzen duten eskualdeen bidez bideratutako gizarte-kohesioaren aldeko lan europarraren garrantzia defendatzearekin batera.