Apirilaren 2an, asteazkenarekin, abiatuko da XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketa. Lehen mailan 24 bikotek hartuko dute parte, eta bigarren mailan 18 bikotek, "afizionatuen mailako onena", Irurtzun Pilota Klubeko arduradun Miguel Berazaren esanetan. Txapelketa, ohi denez, Irurtzungo Trinitate festetan despedituko da, ekainaren 14an. Hor jokatuko dira lehen eta bigarren mailako finalak eta emakumezkoen partida.
Irurtzungo Pilota Txapelketan ez da ligaxkarik jokatzen, partida guztiak kanporaketa zuzenak dira. Final hamaseirenak erabakiko dira hasieran, eta zerrendaburuak final zortzirenetan sartuko dira lehian. Ondoren final laurdenen, finalerdien eta finalen txandak izango dira.
Pilotarien maila itzela
Lehen mailako zerrendaburuak Lizeaga-Santesteban, Labaka-Aizpuru, Azketa-Bergera, Olaetxea-Azpiroz, Ongay-Lizeaga, Fernandez-Cuairan, Igoa-Arbizu eta Apezetxea-Apezetxea dira. Eta bigarren mailakoak Otxoa-Lizarraga, Salcedo-Azanza, Armendariz-Lazkoz eta Sarasa-Munilla. Bikoteen maila sekulakoa dela agerikoa da. Tartean egungo Nafarroako Binakako lehen mailako txapeldunak daude, Josu Igoa eta Aaron Arbizu etxarriarrak, biak Irurtzun klubekoak.
Hasteko
Txapelketa asteazkenetan eta ostiraletan jokatuko da, Irurtzunen, eta tarteka partida batzuk Etxarrenen. Apirilaren 2an, 18:45ean, Irurtzunen, lehen mailako bi partida daude jokoan, Iriarte-Garaño Ibarluzea-Olidenen kontra (irabazleek Lizeaga-Santesteban dituzte zain), eta Arribillaga-Peñalver Etxaniz-Uriondoren kontra (irabazleek Labaka-Aizpuru dituzte zain).