Areto futbola

Xotak eta Peñiscolak seina berdindu zuten partida zoroan

Guaixe 2025ko mar. 31a, 10:00

Agurra iragarri duen Roberto Martil kapitaina lehen gola ospatzen. XOTA

Talde nafarrak 5-2ko errenta izan zuen, baina  lehen mailako lider eta Espainiako Kopako txapeldunak markagailua irauli zuen

Osasuna Magna Xotak ligan bigarren eta Espainiako Kopako txapelduna den Peñiscola hartu zuen Anaitasunan. Xotakoek ohorezko pasilloa egin zieten Peñiscolakoei, kopa irabazi izanagatik. Lehen zatian primeran aritu zen etxeko taldea eta 5-2 aurreratu zen, Roberto Martil, Andres Geraghtyk, Pachuk, Dani Saldisek eta Ligeirok sartutako golei esker. Baina liderrarekin ezin da fidatu, eta bigarren zatia hasita, di-da batean bosna berdindu zuen Peñiscolak, Anaitasunako zaleen harridurarako. 

Berdinketaren ondoren esnatu zen Xota. Ligeirok seigarren gola errematez sartu zuen, Andres Geraghtyren saiakeraren ondoren. Tarte horretan Xotak agindu zuen, baina zorigaiztoko jokaldi batean Asier Llamas atezainak ate propioan gola sartu eta berriro berdinketa, seinakoa. Bi taldeak garaipenaren bila borrokatu zuten bukaeraraino. Xotak atezain-jokalariaren alde egin zuen, baina baloiak ez zuen sartu nahi izan. Okerragoa izan zitekeen, segundo bat baino gutxiago geratzen zenean Peñiscolak ateratako kornerrak Xotaren atean bukatu zuelako, baina baloi hori denboraz kanpoko sartu zenez, ez zitzaien onartu eta berdinketarekin despeditu zen lehia. Osasuna Magnak eta Peñiscolak gol errezitaldi ederra eskaini zuten. 

Miguel Hernandezek partidako bi zatien ezberdintasuna agerian jarri zuen. “Lehen zatian defentsan eta erasoan oso ongi egon gara, baina bigarren zatia guztiz ezberdina izan da, hasiera batez ere, zalantzak eta ziurgabetasuna sortu diguna. Taldea hustu egin da, gehiago edo gutxiago asmatuz”.

Apirilaren 1ean WANAPIX aurkari
Peñiscola Servigroupek jarraitzen du lider (51 puntu), Barçaren aurretik (49 puntu). Osasuna Magna Xota play-off postuetatik atera da eta bederatzigarren da (31 puntu) play-off postuetatik 2 puntura. Lehen mailako ligako 24. jardunaldia apirilaren 1ean, asteartearekin, jokatuko da. Osasuna Magna Xotak WANAPIX AD Sala 10 taldea izango du aurkari, 20:00etan, Zaragozan.