Lehen mailako ligako 24. jardunaldian Osasuna Magna Xotak sailkapenean azkena den WANAPIX AD Sala 10 taldearen kontra jokatuko du gaur, apirilaren 2an, 20:00etan, Zaragozako CDM Siglo XXI pabilioian. Talde irurtzundarra play-off postuetatik atera da, bederatzigarren baita, eta lehen zortzi postu horien artean sartu nahi du. Horregatik, Zaragozatik 3 puntuak ekarri nahi dituzte.
Nahiz eta WANAPIX taldea azkena izan, Miguel Hernandez teknikaria ez da fio. Ez du gehiegizko konfiantzarik izan nahi. “Lehen mailan jarraitzeko borrokatzen ari dira, kartutxo gutxi geratzen zaizkie eta hau da horietako bat. Beraz, talde arriskutsua dira. Euren intentsitate berarekin jokatu beharko dugu edo zaila izango da partida irabaztea” azaldu du.
Hernandezek plantila guztia du prest, Ion Cerviño izan ezik, irurtzundarrak lesioa baitu orkatilan.