Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren merituzko garaipena

Guaixe 2025ko api. 3a, 10:09

Play-off postuetara itzuli izana gogotsu ospatu zuten jokalari berdeek. XOTA

WANAPIX AD Sala taldeari irabazi eta gero, play-off postuetan sartu da talde irurtzundarra. Apirilaren 4an Inter Movistar hartuko du

Apirilaren 2an lehen mailako ligako 24. jardunaldia jokatu zen. Osasuna Magna Xotak Zaragozan jokatu zuen, WANAPIX AD Sala taldearen kontra. Sailkapenean azkenak dira Zaragozakoak, baina Miguel Hernandez ez zen fio, taldea salbaziorako borrokatzen baitago. Entrenatzaile berdeak bete betean asmatu zuen, bi taldeen arteko partida oso lehiatua izan baitzen, azken segundotan Xotaren alde erori zena. 

Bi taldeak parez pare aritu ziren, lehia estuan. Zaragozako taldea izan zen 6. minutuan markagailuan aurreratu zena. Golak airea eman zien Aragoikoei, eta ederki estutu zituzten nafarrak. Gainera, euren atezainak Xotaren ahalegin guztiak zapuztu zituen. Bigarren zatiaren hasieran Asier Llamas atezainak Xota bizirik mantendu zuen. 27. minutuan, zorionez, Korsunek bana berdintzea lortu zuen, baina atzera ere WANAPIX-ek aurreratzea lortu zuen. Baina Xotak ez zuen behera egin eta Geraghtyk bina berdintzea lortu zuen. Partidako azken minutuak intentsitate handikoak izan ziren, eta partida puntu banaketarekin despedituko zela zirudienean, finalerako 38 segundoren faltan Pachuk garaipenaren gola sartu zuen irurtzundarrendako, 2-3koa. 

Play-off postuetan
Hau garaipen garrantzitsua da Xotarendako, atzera ere play-off postuetan sartu delako. Servigroup Peñiscola da liderra (52 puntu) eta Osasuna Magna Xota zazpigarren da (34 puntu), ligako titulua jokatzeko lehen zortzi postuen barruan, play-off postuetan hain zuzen ere. 

Hurrena, Inter Movistar
Asteburuan ligako 25. jardunaldia jokatuko da eta Osasuna Magna Xotak sailkapenean hirugarren den Movistar Inter talde madrildar ahaltsua hartuko du apirilaren 4an, ostirala, 20:00etan, Anaitasunan.