Osasuna Magna Xotak Movistar Inter talde ahaltsua hartu zuen apirilaren 4an Anaitasunan. Madrildarrak ziren faborito, baina irurtzundarrak ez dira ahaltsuen aurrean kikiltzen eta, 4-2 irabazita, garaipen garrantzitsua lortu zuten, play-offak jokatzeko ligako lehen zortzi posturen artean egotea ahalbideratzen diena. Nabarmentzekoa da Asier Llamas atezain irurtzundarra ezinbestekoa izan zela Xotarendako, atezainak geldialdi ikusgarri eta garrantzitsuak egin zituelako eta Xotaren laugarren gola sartu zuelako.
Partidak ikusmin handia piztu zuen. 2.226 zaletu zildu ziren Anaitasunan berdeak animatzera. Hasieratik bi taldeak garaipena lortzera atera ziren. Xotak jo zuen lehenengo, 6. minutuan, Pachuren golarekin. Irurtzundarrek aukera gehiago izan zituzten, baina baloiak ez ziren sartu. Llamasek Xotaren atea bikain zaindu zuen, baina 17. minutuan Interrek bana berdindu zuen. Atsedenaldia baino lehen Tonik Xotaren bigarren gola sartu zuen, eta berdeak abantailarekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen. Xotak aukera handiak sortu zituen, baina Inter izan zen gola sartu eta bina berdindu zuena. Dani Saldisek lortu zuen berdeen hirugarren gola, sekulakoa, Inter Movistar bere talde ohiari markatuta. Interrek atezain-jokalariaren alde egin zuen, baina jokaldia ez zitzaion ongi atera. Asier Llamasek bere areatik egindako jaurtiketa bat Inter Movistarren atean sartu zen, eta Anaitasunak ia eztanda egin zuen. 4-2 aurreratu ziren irurtzundarrak, eta azken minutuetan ongi eutsi zuten, markagailuari eutsiz. 4-2 irabazita, festa handian bilakatu zen Anaitasuna, talde berdea play-off postuetan sendotzen ari delako.
Poza zen nagusi Xotan. “Jokalari bat gehiago dira” zioen pozarren Miguel Hernandez entrenatzaileak Anaitasunako harmailetan zeuden zaleak begira. “Partida oso borrokatua izan da. Inter bezalako talde handien mailan jokatu dugu. Heldutasunean pausoak ematen ari gara, eta gure autoestimurako eta konfiantzarako pauso erraldoia eman dugu gaur”.
Play-off postuetan
Barçak berreskuratu du lehen mailako lidergoa (53 puntu), puntu batera Servigroup Peñiscola duela (42 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (37 puntu). Apirilaren 19ko asteburuan Xotak Barça liderra izango du aurkari, Bartzelonan.