Apirilaren azken larunbatean, apirilaren 26an, larunbata, abiatuko da Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako 34. Sakanako Ibilaldia. Izena ematea zabalik dago apirilaren 23ra arte, iratxoelkartea.com webgunean. Ondoren ezingo da izena eman. Dagoeneko ia 400 pertsona daude izena emanda.
Mendizaleek hiru ibilbideen artean aukeratu dezakete, betikoak: Ibilbide Luzea 06:00etan abiatuko da, Atakondoa frontoitik (54 km, 3.388 m desnibela) eta Txurregi, Beriain, Aralarko San Migel, Larrazpil eta Ergako Trinitatea batzen dituena; Ibilbide Motza 08:00etan abiatuko da, Foru plazatik, (25,5 km, 1.440 m desnibela), Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Latasa eta Ergako Trinitatea lotzen dituena; eta Ibilbide Txikia, haurrendako, 09:30ean abiatuko da Atakondoa frontoitik (14 km, 736 m desnibela) Trinitatea, Artola, Latasa, Plazaola Bide Berdea eta Arrantzaleen bidea batzen dituena. Ibilbideen track-ak, ordutegiak, zehaztasunak eta beste Iratxo Elkartearen webgunean daude.
Manolo Moreno: "Jendeak oso argi izan behar du ongi ekipatuta etorri behar duela Sakanako Ibilaldira"
"Ez dago aldaketarik mendizaleek Sakanako Ibilbidea dagoen bezala gustuko dutelako" nabarmendu zuten Iratxoko Manolo Morenok eta Doris Vicentek. Aldaketa bakarrak eguraldi gaiztoa egingo balu hartuko lirateke. "Kasu horretan, Beriainera bidean dagoen Uharte Arakilgo Ataka parean ibilbidea moztu eta mendizaleak beherantz, Uharte Arakilerantz bidaliko genituzke. eta Latasan ibilbidea moztu eta Ergara igo beharrean Irurtzunera bidaliko genuke jendea. Bukaeran, Irurtzungo hornidura gunea eskoletako frontoian jarriko genuke".
Ongi ekipatuta etortzeko deia
Iratxokoek argi dute hartutako erabakia, joan zen urteko edizio gogorra gogoan. "Eguraldi oso txarra izan genuen: haize ufadak, ekaitzak, hotza... Nahiz eta bajak izan, 1000 mendizale baino gehiago animatu ziren. Egoera oso kezkagarriak izan ziren, horietako asko mendizaleak behar bezala jantzita ez zeudelako. Bi hipotermia kasu izan genituen. Jendeak oso argi izan behar du ongi prestatuta etorri behar duela martxara, ongi ekipatuta. Ezin dakioke eguraldiari eta 1.498 metrotan dagoen Beriaini desafio egin, oraindik apirilean gaudelako eta elurra ere egin dezakeelako. Ez da txantxetako kontua".
Nafarroako Mendi Federaziotik ados daude hartutako erabakiarekin. "Antolakuntzak mendizaleen segurtasunaren alde hartzen dituzte halako erabakiak. Beraz, errespetatu eta bete beharrekoak dira" nabarmendu zuen Montañesek. "Hemen, berdin du urteko zein aro izan, mendira beti ongi ekipatuta joan behar da" gaineratu zuen Eizmendik. Antolakuntzaren beste kezka bat partaideen azkartasuna da. "Mendi martxa bat izatetik askorendako lasterketa bat izatera pasa da, eta kezka sortzen digu antolakuntzari begira".
Ingurumena zaintzeari begira, mendizale bakoitzak bere edalontzia edo botila eraman beharko du, zaborra ez sortzeko, eta ibilbidea federazioko banderatxo berezi eta berrerabilgarriekin markatuko da, plastikoa ez erabiltzeko. Halaber, markatutako ibilbidea jarraitzea eskatu dute, eta bereziki Aralarko igoeran, bidea ez higatzeko.
2018tik mendizale gehiagok Ibilbide Motza aukeratzen dute, Luzea baino.
Lacturale, hasieratik
Iratxokoek babesle guztiei "eskerrik beroenak" eman dizkie proba antolatzeko emandako laguntzarengatik. Aurkezpenean Lacturaleko Maite Azpiroz eta Amaia Lleida zeuden. "Lacturale abeltzainen elkartea gara, eta kalitatezko esnea eta esnekiak egiteaz gain, sortu ginenetik hamasei urte daramatzagu esne litroko 2 zentimo kirolera eta ekitaldi kultural eta sozialetara bideratzen. Elikadura osasuna da, eta kirola osasuna da. Beraz, ezin genuen huts egin gure etxean antolatzen den kirol proba batean. Beraz, pozarren gaude Sakanako Ibilaldiko esne marka izateagatik. Gainera, esnekia edari isotoniko naturala da, kirola egin ondoren errekuperatzeko eta hidratatzeko egokiena" nabarmendu zuen Azpirozek.
Paris 365 jantokia
Iratxok iaz 8.500 euro bildu zituen Palestina laguntzen duen UNRWA-rendako. Aurten Paris 365 jantoki soziala sustatzen duen Gizakia Herritar Fundazioa lagunduko du. Sakanako Ibilaldian izena emate bakoitzeko 2 euro bideratuko dira, eta maiatzaren 10ean Iratxon antolatuko duten afari herrikoian elikadura bilketa egingo dute. "Beharra geroz eta handiagoa da. Jantoki sozialaz gain, despentsa solidarioa dute, denda, orientazio zerbitzua... Laguntza behar dute".