Irurtzundarrek erabaki dute udalaren aurrekontuko 40.000 euro igerilekuko tabernan eta terrazan hobekuntzak egitera bideratzea. Zehazki, terrazako alboetan itxiera automatikoak jarriko dira. Horrela terrazan dauden pertsonak haizetik babestuta egonen dira. Gainera, terrazako itzal eremua handituko da. Horrekin batera, tabernako altzariak aldatu eta etxetresna elektrikoak eta sukaldea ere berrituko ditu udalak. Denboraz juxtu badabiltza ere, Irurtzungo Udalaren asmoa da lanak egitea igerileku sasoia hasi aurretik.
Hamahirugarren parte hartze aurrekontuetan babes handien jaso duen aukera izan da hori, 121 boto. Beste hiru aukerek lortutako botoak honakoak izan dira: Erga kalean asfaltoa konpontzea 60 boto, kultur etxean hobekuntzak egitea 43 boto eta igerilekuetako kanpoaldeko hesia berritzea 9 boto. Guztira 233 boto dira.
Baina lau proposamenen artean aukeratzeaz aparte, Parte Hartze Aurrekontuen taldeak irurtzundarrei beste bi aukera eman die botoa ematerakoan. Alde batetik, hurrengo urteetarako proposamenak idatzeko aukera. Gainera, beraien kale edo auzoan dauden hutsune, gabezia edo arazo txikiak jakinarazteko aukera eman du parte hartze aurrekontuen prozesuak. Azken horiek jaso eta Irurtzungo Udalari jakinarazi dizkiote taldekideek.
Irurtzunen parte hartze aurrekontuen bidez egindako inbertsioak
Urtea | Lana | Kopurua
- 2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu. 20.000
- 2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu. 20.000
- 2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu 20.500
- 2014 Atakondoako aldagelak. 35.000
- 2015 Karpa. 35.000
- 2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea. 35.000
- 2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea. 35.000
- 2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea. 35.000
- 2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea. 35.000
- 2020 Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea. 35.000
- 2021 COVID-19 pandemiagatik ez zen izan parte hartze aurrekonturik 0
- 2022 Mendiko ibilbideak berritzea, Ur biltegian begiratokia jartzea eta Plazaolan atseden guneak jartzea 70.000*
- 2023 Plazako frontoi atzeko jolas parkea estaltzea 35.000**
- 2025 Igerilekuko terrazan eta tabernan hobekuntzak 40.000
*2021eko eta 2022ko diru kopuruak batuta.
**2024an ez zen prozesurik egin. Urteko dirua jolas parkea estaltzeko erabili zen.