Iraia Ongay Moral eta Hegoa Legarra Prieto irurtzundarren lehenengo Euskaraldia izango da. Aurrekoetan adin txikikoak ziren eta ez zuten parte hartu, baina aurten maiatzaren 15etik 25era egingo den egitasmoan parte hartzeko "gogo handiarekin" daude.
Zergatik parte hartuko duzue Euskaraldian?
Hegoa. Gure kuadrillakoen gurasoak, amak, Euskaraldian eta horrelakoak antolatzen aritzen dira, eta gazteak pixka bat sartzeko animatu gaituzte, eta gure kuadrillan nahikok eman dugu izena.
Aurrekoetan zergatik ez zenuten parte hartu?
Iraia. Adin txikikoak ginen, aurten 18 urte izanda animatu gara. Nik gogoa nuen.
H. Kontzientzia handiagoa dugu, baita gogo handia ere.
Zer erronka izango duzue?
I. Ahalik eta euskara gehiago normalizatzeko erronka. Kuadrillan beti gaude esaten euskraz hitz egin behar dugula, baina gero azkenean beti erdarara pasatzen gara. Nik uste dut txapa ikustean gehiago kontzientziatuko garela, eta esanen dugu: "Bale, lehenengo hitza gutixenez euskaraz egin behar dugu". Helburua euskara normalizatzea da. Ez izatea inposatua, natural ateratzen zaigun zerbait izatea.
H. Nolabait lotsa kendu.
Beraz, txapa izateak erronkan lagunduko du?
I. Kontzienteago izango gara.
H. Joko bat bezala izango da: txapa daukagu eta hartutako konpromisoa bete behar dugu. .
Gogoz zaudetela esan duzue, zergatik?
H. Gure lehenengo denez probatzeagatik. Azkenean, herrian gauza askotan sartuta gaude, eta hau beste esperientzia bat izango da. Beti ikusten dugu zerbait gauza berriez.
Aurreko Euskaraldiak gogoratzen dituzue?
I. Nik gogoan dut plazan sekulako jaialdia egin zela. Izaki mitologikoak atera ziren, haur asko zeuden, jende pila, eta polita izan zen. Egunerokotasunean ere gurasoak eta ingurukoak txaparekin ikusten genituen.
Eta giroa dago?
H. Orain gertuago gaudela, nik ileapaindegian lan egiten dut, eta jendea aurreko urteko txaparekin etortzen da. Mugitzen ari da pixka bat.
Ekimenak antolatzen ari dira?
I. Egia esan, nik ez dakit. Baina seguruaski zerbait antolatuko dute.
H. Mugimendu horretan ez gaude.
Eta ekimenetan parte hartuko duzue?
Bai, bai!
Rolari dagokionez, Ahobizi izango zarete, zergatik?
H. Euskara gure ama hizkuntza da. Euskararekin jaio gara, eta gurasoek beti euskaraz egin digute eta euskaraz egiteko esan izan digute. Gure hizkuntza da eta oso harro nago nire hizkuntza izateaz.
I. Azken urte honetan askoz kontzientea izan gara dugun altxorraz. Hizkuntza bat super berezia da, beste edozein hizkuntzatatik datorren beste jatorri batetik datorrena. Nik uste ez garela guztiz kontziente. Kontatzen dizuten heinean eta historia ezagutzen zoazen heinean kontzienteagoa zara euskaraz ikastea eta egitea merezi duela. Ez dela eskolan ikasten duzun gauza bat eta gero eskolarekin lotuta dagoen gauza bat. Natural den zerbait dela, hori da gu orain saiatzen ari garena.
H. Nire kasuan etxean beti hitz egiten digutenez, desberdina izan da. Baina eskolan ikusten nuen bertan bakarrik hitz egiten zutenak, eta euskaraz egiteko esaten zietenean inposizio bat bezala ikusten zuten, eta zerbait inposatua denean, kontra egiten duzu. Behartzen bazaituzte kontrakoa egiten duzu, eta pena da.
Irurtzunen euskaraz egiten da?
H. Egia esan, Irurtzun arlo guztietan nahiko hilda dago. Gauza asko antolatzen dira, baina parte hartzen duen jendea beti perfil berekoa da, nolabait esateko.
I. Gu giro euskaldun batean hezi gara. Orduan, txikitatik euskaraz egiteko esan digute. Baina egia da ez dela gehien hitz egiten den herri bat. Baina bai ekintza asko euskaraz eta euskara sustatzeko egiten direla. Badago talde bat (Aizpea) euskararen alde gauza asko egiten dituena. Hortaz ezin gara kexatu.
H. Bai, hori bai.
Txapak ikustean, zer espero duzue?
I. Nik uste dut txapa ikustean pausua eman duela esan nahi duela. Askotan lotsa apur bat ematen digu lehenengo hitza euskaraz egiteak uste dugulako beste pertsonak ez dakiela edo errespetu falta bezala har dezakeelako. Eta ez du zertan. Esan dezake: barkatu, ez dut ulertzen. Baina txapa ikustean badakizu prest dagoela entzuteko eta euskaraz egiteko.
Espero ez duzuen jendea txaparekin ikustea espero duzue?
H. Ea!