Lurralde Kohesiorako Departamentuak gaur lizitaziora atera ditu Irurtzungo Kontserbazio Zentroko autobiak eta errepideak mantentzeko 36 milioi euroko balioa duten bi kontratuak (BEZa barne). Kontratuak bere egiten dituen enpresak lan horiek egin beharko ditu aurtengo abenduaren 1etik 2029ko azaroaren 30era bitartean.
Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, kontratu horietako bat, 17,2 milioi eurokoa, Nafarroako Autobia (A-15), Sakanako Autobia (A-10) eta Iparraldeko Autobia (A-1) autobien kontserbazio integralerako da. Bigarren kontratua 18,8 milioi eurokoa da, eta Irurtzungo Kontserbazio Zentroaren mende dauden errepideak zaintzeko lanei aurre egingo die.
Bi kontratuen azken helburua da beharrezko lanei ekitea, autobiak eta errepideak baldintza ezin hobeetan egon daitezen eta haien bide, segurtasun eta erosotasun mailei eusteko. Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivitek nabarmendu duenez, "errepideen kontserbazioaren kudeaketa egokiak eragin zuzena du erabiltzaileen segurtasunean, zerbitzuaren kalitatean eta bide-azpiegituren luzaroko iraunkortasunean".
Lanak
Egingo diren lanen artean, kontserbazio arrunteko eta bideetako jarduerak sartzen dira, esaterako galtzadak eta bazterbideak, arekak eta ertzak garbitzea, belar-sastrakak garbitzea, mozketak eta inausketak egitea, balizak eta seinaleak konpontzea edo segurtasun-hesi berriak jartzea. Atal horretan arreta berezia jarri behar da neguko bidezaintza planari buruzko mantentze lanetan, bai gatza zabaltzeko prebentzio lanei dagokienez, bai elurra kentzeari dagokionez.
Gainera, kontratuek aparteko jarduerak aurreikusten dituzte, besteak beste, asfaltozko aglomeratua zabaltzea, itxitura, hesiak lehengoratzea, ezpondak babesteko sareak jartzea, segurtasun-hesiak jartzea edo altxatzea, banderatxoak jartzea, zubi junturak konpontzea, seinale horizontalak edo bertikalak berritzea, bazterbideak edo erreiak eraikitzea eta bide ertzeko belar sastrakak kentzea.
Beren izaera dela eta, bideetako ohiko eta ezohiko jarduketetan sartu ezin diren lanak, esaterako trafikoa desbideratzera eta presaz lekualdatzen diren makineria berezia erabiltzera behartzen duten errepideen mozketa garrantzitsuak, obren hondoratzeak edo premiazko konponketa garrantzitsuak, kontratuetan sartuko dira, eta administrazioak eskatuta egingo dira.