Osasuna Magna Xotak ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarra hartu zuen apirilaren 25ean Anaitasunan. Irurtzungo eta Tuterako taldeen arteko derbian lan ona egin zuen talde irurtzundarrak, eta zale berdeei garaipena eskaini. Baina ezinezkoa izan zen, eta porrot mingarria jasan zuen talde sakandarrak.
Ribera Navarra entxufatuta hasi zen. Partida hasi eta segundo eskasetara lehen gola sartu zuten tuterarrek. Irurtzundarrek partidari buelta eman nahi zioten, baina ezin. Asier Llamas atezainak Erriberakoen erasoak gelditu zituen. Roberto Martilek gol aukera ederra izan zuen, baina Ribera Navarrako Raul atezainak gelditu zuen. Dan Saldise, Pachu, Martil... saiatu ziren, baina baloiak ez zuen Erriberako atean sartu nahi. Errebote bati esker Alberto Lahuertak Ribera Navarraren bigarren gola sartu zuen, eta atsedenaldirako 3 minuturen faltan hirugarren gola sartu zuen Lahuerta berak.
Atsedenaldira 0-3 galtzen joan ziren Osasuna Magnako jokalariak. Erremontatzeko asmoz atera ziren bigarren zatian kantxara. Ion Cerviñok kolpe gogorra jaso zuen eta kantxa utzi behar izan zuen. Panorama horrekin, Miguel Hernandezek Dani Saldise atezain-jokalari jarri zuen. Baina ez zen ongi atera, Ribera Navarrak laugarren gola sartu zuelako. Partida bukaera aldera bosgarren gola sartu zuten Erriberakoek, eta Pachuk Osasuna Magnaren ohorezko gola sartu zuen hurrengo jokaldian. Dena den, ez zuen askorako balio, penalti-bikoitzari esker seigarrena sartu baitzuen Tuterako taldeak. 1-6 galduta, kolpe gogorra jaso zuen Xotak, inork ez baitu derbia galtzea gustuko, are gehiago horrela.
Minduta
Miguel Hernandez entrenatzailea ez zegoen batere kontentu. Minduta azaldu zen. “Ez gara inongo momentuan euren intentsitate maila berean jarri”. Gertatutakoaren ardura bere gain hartu zuen. “Arduradun nagusia naiz. Gainetik pasa digute, eta abisatuta geunden. Ez gara partidan egon, ez gara eskatzen zen mailan egon. Eta horrela ari zarenean... Hau lehen maila da, eta berehala espabilatzen zaituzte”.
Hurrena, liderra
Palma Futsal da lehen mailako liderra (59 puntu) puntu batera Servigroup Peñiscola eta hiru puntura Barça dituela. Osasuna Magna Xota play-off postuetan dago, sailkapenean zazpigarren baita (38 puntu), baina bederatzigarren postua gertu du, puntu batera. Hortaz, lehen zortzi postuetan jarraitzeko liga despeditzeko geratzen diren hiru jardunaldietan garaipena lortu beharko du. Egunotan jokatuko den 28. jardunaldiko partida aurretik jokatu zuen Xotak, eta bina berdindu zuen Jimbee Cartagenarekin. Maiatzaren 10eko asteburuan Palma Futsal liderra izango du aurkari.
Beste omenaldi bat Martili
Roberto Martil kapitainak beste omenaldi bat jaso zuen, azken 10 urteetan entrenatu dituen emakumezkoen Xota taldeko jokalariena. Aurreskua, oroigarria eta loreak jaso zituen.
