Irurtzungo V. La Peluso martxa zikloturista atzerakontuan dago. Maiatzaren 10ean, larunbata, 8:30ean abiatuko da, Irurtzungo plazatik. La Peluso Cycling Taldeak azkeneko dortsalak, gutxi batzuk, oraindik eskuragarri daudela azaldu du. Oraindik tokirik egonez gero, gaur, maiatzak 3 da izena emateko azken eguna, 23:59ra arte. Iaz 1.276 txirrindularik osatu zuten La Peluso, eta aurten, izena ematea nola doan kontuan hartuta, antzeko edo gehiago espero dira.
La Peluso Cycling antolakuntzak aurten Ibai Azurmendi txirrindulari ohi leitzarra eta Reynolds taldeko 1986ko txirrindulariak omenduko ditu, eta lasterketarekin batera erakusketak, zozketak eta bestelakoak prestatu ditu.
Nobedadea, San Miguel
Aurtengo nobedade handiena ibilbidearen aldaketa da. Aurten hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute txirrindulariek: Luzea (153,47), Ertaina (111,51 km) eta Motza (89,7 km). Hiru ibilbideak batera abiatuko dira Irurtzundik Errotzerantz, eta Goñiko portua eta Ultzurrungo gaina igoko dute, Atondon buelta hartu eta Irurtzunera heltzeko. Laburrekoek Irurtzundik Madotzera joko dute, Zuarrarrateko portua igotzeko. Lekunberri, Mugiro eta Etxalekutik ibili eta gero, Ziatik Aizkorben sartu eta helmugara iritsiko dira.
Ibilbide Luze eta Ertainekoak, aldiz, Uharte Arakileraino helduko dira, pistatik Aralarko San Miguelera igotzeko. Antolakuntzak San Migueleko kronoigoerako denborak hartuko ditu. Lekunberrira jaitsi ondoren, ibilbide luzekoek beste hiru portu izango dituzte aurretik: Uitziko portua, Leitza ondorengo Usategieta portua eta Saldiasko portua. Ondoren Jauntsarats eta Etxaleku gaindituko dituzte, eta Ziatik Irurtzungo helmugara helduko dira. Ibilbide Ertainekoek, San Migueletik Lekunberrira jaitsi eta gero, Larraun, Basaburua eta inguruetatik buelta egin, Ziatik Aizkorbera jaitsi eta Irurtzunera joko dute.
Josefina Arregi Klinikaren alde
Aurten Josefina Arregi Klinika Fundazioa lagunduko du La Pelusok. Izena ematearen kopuru bat bertara bideratuko da, eta dohaintzak egiteko aukera dago.